PLAY PODCASTS
New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

292 episodes — Page 3 of 6

Txikito

Garai batean Valentin Agirreren Jai Alai jatetxea izan zen euskaldunen bilgune ezaguna New Yorken. Manhattan eta Brooklyn zubien azpian, Cherry kalean hain zuzen, hantxe biltzen ziren Estatu Batuetan bizimodu berria egin nahi zuten migrariak, eta baita gerrako exiliatuak ere, tartean Agirre Lehendakaria.

Nov 13, 20234 min

Gerrako ezti mikatza

Andrej Kurkov idazle ukraniarra entzuteko aukera izan nuen pasa den ostegunean. Gerraz eta eztiaz aritu zen. Baserritar bat haserre omen zegoen eztia mikatza ateratzen zitzaiolako eta ez ohi bezain gozoa. Bonbardaketen ondorioz, erleak errautsez betetako loreetan ibiltzen dira polena miazkatzen. Eta hori gero nabaritzen da eztian. Horregatik, Kurkoven baserritar lagunak erabaki zuen erleak oporretan eramatea, ezti gozoago baten bila. Eta halaxe atera zen bere herritik, erlauntzak furgoneta atzealdera igo eta beste nonbaitera.

Nov 6, 20233 min

Entzunaren ederra

Bi aste egon naiz etxetik kanpo. Lehena Alemania aldean, bigarrena Madrilen. Alemanian liburu itzuliaren karietara, Madrilen euskal idazle, musikari eta bertsolarien kide; gure herriaren ikuspegi gaurkotua emanez, sormenaz ulermenari ateak zabalduz. Gozamena izan da horren talde bereziko parte izatea.

Oct 30, 20234 min

Frankfurten

Kafea hartzera eraman naute argitaletxekoek Frankfurtera iritsi berri. Kexu ziren, literaturak ez du ia tokirik egunkarietan. Kritikarik ia ez. Orain Alemanian saltzen duena nobela erromantikoa omen da. Hiru astetan idatzitako liburuek milaka ale saltzen dituzte. Urtean hiru-lau nobela argitaratu ahal ditu egile bakar batek. “Nik nobela bakoitzarekin gutxienez hiru urte pasatzen ditut gero horien hamarrena saltzeko”, esan diet. Barre egin dugu. Alboko emakumea etorri zaigu. Esan digu ez egiteko barrerik, barre-algarekin ezin duela egunkaria irakurri. Harritu nau emakumea gure barreak molestatzeak, estonatu esatera ausartzeak.

Oct 23, 20234 min

Berlinera bidean

Berlinera noa gaur. Bertan aurkeztuko dugu Izurdeen aurreko bizitza nobelaren alemanezko itzulpena. Maddalen Subijana izango dut bidelagun taula gainean. Maddalen itzultzailea da eta euskara irakaslea Alemaniako hiriburuan. Gogotsu nago bere galderei erantzuteko.

Oct 16, 20233 min

Munduari begiratzeko

2003an igo ginen lehen aldiz taula gainera New Yorkeko Bowery Poetry Club areto mitikoan. Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta lauok. Poesia eta musika euskaraz. Irudiak Mikel Valverderenak. Elizabeth Macklinen itzulpenak. Geroztik etorri ziren hainbat emanaldi eta bi CD-liburu: Zaharregia, txikiegia agian, 2003koa, eta Jainko txiki eta jostalari hura (2014ean).

Oct 9, 20233 min

Azkenengo Marabilli

Hutsune batetik sortu zen Marabilli. Aitzol Aramaioren bat bateko heriotzak eragindakoa. Lagunek haren espiritu baikorrak gurekin jarrai zezan nahi genuen, eta familiari dolua igarotzen lagundu. Adiskideak bildu eta aspaldiko asmo bati forma eman. Zergatik ez diziplina desberdinak jasotzen dituen jaialdi bat egin Ondarroan? Azkenean, gu geu, lagun taldean, zinegile, musikari, idazle, aktore, komikigile edo besterik gabe kultura zale ginen eta elkarrekin ibiltzen ginen kulturaz hitz egin eta gozatzen. Jaialdia, sormen prozesuaz ere arituko zen, ez soilik emaitzaz. Nondik sortzen da liburu bat, zerk pizten du film bat egiteko gogoa, eta kanta baten doinua, nondik dator?

Oct 2, 20234 min

Heroia nola izan

Irailean iragarkiz betetzen da New York. Udazkenaren usainarekin bizitza ikaragarri bizkortzen da, jende andana dabil kaleetan, ekitaldi ugari daude, han eta hemen. Autobusetan eta metroan, geltokietan, kaleko wifi dorreetan, nonahi iragarkiak. Gehienak jantzienak dira, edo film edo serie berrienak, edo Broadwayko antzezlanenak.

Sep 25, 20233 min

Langileen atsedenaz

Ezaguna da Lunch atop a Skyscraper izeneko argazkia. 1932ko irailean atera zuten, Rockefeller plazako eraikin luzeena altzatzen ari zirenean. Altzairuzko langa baten gainean, zeruan zintzilik ia, hamaiketakoa egiten ari dira langileak. Garai hartan argazkiak ez ziren sinatzen eta ez dakigu nor zen egilea, badakigun gauza bakarra da Corbis agentziakoa dela. Esaten da langile horietako bat euskaldun bat zela, Balmasedakoa hain zuzen, euskaldunak nonahi aurki baitaitezke munduan.

Sep 18, 20233 min

Bai indietara

New Yorkera itzultzeko eguna dugu gaur astelehena. Udako Euskal Herriko egonaldia bukatu eta udatzenari han ekiteko. Gezurra dirudi, seigarren ikasturtea dagoeneko. Zaila izaten da partitzea. Gure aita zenak hemezortzi egun ematen zituen itsasoan lanean eta hiru atseden egun lehorrean. Hiru horietatik hasierako eguna eztanda bat izaten zen, zorionekoa. Bigarrenenerako baina hasten zen pentsatzen biharamunean itsasoratu egin behar zela. Eta hirugarren eguna goibela izaten omen zuen oso. Hori kontatu berri dit amak.

Sep 11, 20233 min

S4 Ep 40Eskubideetan atzera

Asteon jakin dut Floridako ikastetxeetako liburutegietatik Tango iritsita, hiru dira izeneko ipuina kendu dutela. Justin Richardson eta Peter Parnell-ek idatzia eta Henry Colen marrazkiekin. Justin eta Peter bikotea dira eta istorioa idatzi zuten New Yorkeko Central Parkeko zooan gertatutako gauza zoragarri bat aintzat hartuz. Zooan, bi pinguino ar elkarrekin egoten ziren beti, elkar maite ziren. Behin, eme batek albo batera utzitako arrautza bat errun zuten eta kumea izan zuten horrela elkarrekin, Tango izenekoa.

Jun 26, 20233 min

S4 Ep 39Hogei urte eta gehiago

Berriaren hogeigarren urteurrena dela eta, ospakizunean egon ezin eta herriminez, Berria eta Euskaldunon Egunkariako hemeroteketan sartu naiz. Eta halaxe, tentazioa izan dut nire izena sartzeko, eta konturatu naiz noiztik eman izan didaten babesa. Lehenengo aipamena da 1995eko abuztuaren 2okoa, Basauriko kartzelatik askoren artean idatzitako gutuna argitara eman baitzuten egunkarian. 1998an atera zuten nire lehen zutabea, Hirusta sailean. Eta aspaldiko zutabe haiek hasi naiz irakurtzen, ni nitzen hura berriz ezagutu nahian edo, harekin solasaldia izan guran. Harritu egin nau gazte hark, eta belarritik tira ere egin dit, eta galdetu dit ez ote naizen gehiegi aldatu.

Jun 19, 20235 min

S4 Ep 38Lainoa

Gomutan dut Boris Vian idazlearen ipuin bat. Kontakizunean laino batek hartzen du hiria. Lainoa afrodisiakoa da eta, sekula ez bezala, halako zoriontasun lipar bat bizitzen dute hiritarrek. Utopia ero bat. Asteon New Yorken izandako lainoak baina ez zuen harekin zerikusirik. Astearte arratsaldean alaba eta biok metrotik atera ginela, neskatoa ohartu zen zerbait ez zela parte onekoa.

Jun 12, 20234 min

S4 Ep 37Nos vemos, Johny

New Yorken dituen gauza tristeen artean bat da lagunen galera. Jendea joan eta etorri egiten da. Estatu Batuetako legea omen da, leku batetik bestera ibiltzea, hasiera hasieratik omen dute izaera nomada hori. Isilik, ezer esan gabe, agurrik gabe, desagertzen dira estimatzen dituzun horiek. Asteon, Johnny izan da. Etxe barruko familiako semea. Puerto Ricotik etorritako sendia etxeko sotoan bizi zen, aita-semeak arduratzen ziren eraikinaren mantentze-lanez. Amak garbiketa egiten zuen. Johnny haurtzarotik bizi izan da han baina aita erretiratu denean etxea utzi behar izan dute. Johnnyk lan berri bat aurkitu du beste eraikin luze batean.

Jun 5, 20234 min

S4 Ep 36Itsasargian

Montauk New York estatuan ekialderen dagoen herria da, Long Islanden muturrean. Garai batean arrantzaleak, surflariak eta hippyak baino ez ziren bizi. Orain, aberatsak hasi dira etxeak erosten eta hango oreka apurtzen. Herria txikia da, baina badu oraindik kaia, New Yorkera doan arrain gehiena hemen arrantzatzen da. Hondartza luzeak ditu eta bukaeran, itsasargia. Antzinakoa da, berrehun urte baino gehiago ditu, Europatik zetozen ontzien itsas galerak sarritan izaten baitziren bertan, eta horregatik eraikia.

May 29, 20234 min

S5 Ep 35Beatrice

Santa Maddalena etxean nago, Florentzian. Beatrice Monti da burua, laurogeitahamazazpi urteko emakumea. Gauza asko egin ditu bizitzan Beatricek. Ama galdu zuen sei urte eskas zituela. Geroztik, bere bidea egin du. Gaztetan arte galeria bat zabaldu zuen Milanen eta ostean New Yorken. Mark Rothko, Francis Bacon egin zituen ezagun Italian. Idazle bat hartu zuen bidelagun. Gregor Von Rezzori, Italian bizi eta alemanieraz idazten zuen errumaniarra.

May 22, 20233 min

S4 Ep 34Uffizira bisita

Florentziako Uffizi museora egin nuen ostera pasa den astean. Mundu mailan hain ezagunak diren gainontzeko museoetan egin ohi dudan bezala, obrarik famatuenetan baino bazterrekoak diren horietan jarri nuen arreta. Izan ere, Botticelli edo Leonardoren gelak mukuru beteta zeuden, eta ezinezkoa zen koadroak ikustea. Horrela, Fra Angelico edo Paolo Ucelloren margoez gozatu nuen. Miragarria iruditu zitzaidan “Hermafroditoa” deritzon eskultura. Erromatarren garaiko irudi hura gorputz erdiz emakumezko eta beste erdiz gizonezko den marmolezko figura bat da, etzanik dago, lo. Duela bi mila urte zizelatu zuten arren, erabat gaur egunekoa iruditu zitzai

May 15, 20234 min

S4 Ep 33Irakasleei

Apirila izan da lurraren hilabetea New Yorken, poesiarena ere bai. Maiatza musikarena izango da. Eta aste hau, irakasleena. “Teacher Appreciation Week” edo irakasleak laudatzeko astea. Irakasleei mezuak idazten dizkiete ikasleek, opariak eman ere bai batzuetan, zoriondu egiten ditugu eta miresmena azaldu. Mezu bat heldu zaigu guraso elkartetik animatuz koloretako klarionak hartu eta eskolako atariko espaloian mezuak idaztera. Irakasleei zuzendutako mezuak, marrazkiak, kolorez, esker ona adieraziz.

May 8, 20233 min

S4 Ep 32Pareja

Pasa den asteburuko New Yorkeko Times-ean museoei buruzko bi gehigarri zetozen. Horietan azaltzen zen nola ari diren museoak orain arte isilduak edo baztertuak egon diren egileen obrak berreskuratu eta haiei tokia egiten. Metropolitan museoa ere horretan ari da. Eta han, itzal handia ari da izaten Juan de Parejari buruz antolatu duten erakusketak.

May 1, 20234 min

S4 Ep 31New York, New York

Badiote Joe Biden presidenteak asteon iragarriko duela berriz aurkeztuko dela 2025eko hauteskundeetara. 82 urte izango ditu orduan, eta agintaldia bukatzen duenerako 86. Justu aste honetan bertan, asteazkenean hain zuzen, estreinatuko da John Kander konpositorearen musikal berria. Kander ezaguna da Cabaret edo Chicago musikal entzutetsuak idatzi zituelako. Berak sortua da “New York, New York” kanta ezaguna ere, nahiz eta mundu guztiak uste duen Frank Sinatrarena dela.

Apr 24, 20233 min

S4 Ep 30Gereziondoak

Bronxeko lorategi botanikoan goizeko zortzietan ilarak sortzen omen dira. Ateak zabaltzeko zain egoten da jendea, lorean dauden gereziondoez gozatzeko. Belaze oso bat hartzen dute han, hainbat daude, eta gereziondoen artean gal zaitezke. Lorategi botanikoa ez da gereziondo ikusgarriak dauden parke bakarra. Ale ederrak daude Central parkean edo gure auzoko Riverside apalagoan. Trenbide bat estali eta gainean eraikitako parkea da Riverside, Hudson ibaiaren ondoan. Eta orain gereziondoak loratzen dira azpitik badoazen trenen gainean.

Apr 17, 20233 min

S4 Ep 29Erabilgarri ez diren gauzen gorazarrea

Pasa den astean Martin Chalfie irakaslearen hitzaldi batean egoteko aukera izan genuen. Chalfie kimika Nobel sariduna da. Izenburuak erakarri gintuen batez ere, “Erabilgarria ez den ezagutzaren beharraz”. Kanpotik ikusita, ematen du zientzialariek helburu bat garbi izaten dutela eta haren atzetik joaten direla itsu-itsuan. Baina Chalfiek gauzek beste era batera funtzionatzen dutela azaldu zigun.

Apr 10, 20234 min

S4 Ep 28Liburuen debekuaz

Asteon, Texaseko epaile batek Llano eskualdeko liburutegi publikoei agindu die debekatuak zituzten liburuak berriz ere apalategietara itzultzeko. LGTBQ+ kolektiboen bizipenak jasotzearren erretiratu zituzten liburuak. Texas da, Floridarekin batera, liburu gehien debekatu duen estatua. American PEN idazle elkartearen arabera, Estatu Batuetako eskola liburutegietatik albo batera utzitako liburuen artean gehienak, LGTBQ+ edo afroamerikarrekin lotutakoak dira. Ehuneko laurogeia. Gainontzeko liburu galaraziek bestelako gutxiengoen ahotsak agertzen dituzte. Zergatik isilarazi aniztasuna, zergatik debekatzen dituzte beste era batera ere bizi daiteekela erakusten diguten liburuak.

Apr 3, 20233 min

S4 Ep 27Azken trenaren zain

Azken geltokian gaude, azken trenaren zain. A lerroko trenak bertatik ateratzen dira eta han bukatzen dute ibilbidea. Zain gaude, tren berria noiz iritsiko. Badiote bagoi berriak erosi dituela New Yorkeko metroak, teknologian azkenak, erabat desberdinak. Umeak daude han tren berria ikusteko zain, eta helduak ere bai. Geltokiko buruak abisatu gaitu, ordu erdi batean helduko da. Beste modeloak bai, ailegatzen dira, tren zaharrak, hamarkadetan zailduak.

Mar 27, 20233 min

S4 Ep 26Mundua aldatzeko loreak

Udaberriarekin batera lorategiak atontzen hasten dira New Yorken. Neguaren gorriarekin soil geratu diren belazeak kolorez loratzen hasten dira. Lan hori parkeetako langileek egiten dute baina ez soilik beraiek. Hiritarrek ere bai. Eraikinen artean, hutsuneetan, auzokideek baratzeak lantzen dituzte. Community Garden deitzen dira, hots, komunitatearen baratzeak. Gure auzoan ere badaude batzuk, eta denetariko jendea ikusten duzu han, elkarrekin lanean, barazkiak eta landareak aldatzen. Baratzeak ez dira inorenak, guztionak dira.

Mar 20, 20234 min

S4 Ep 25Oscarrak eta meta-bizitza

Oscar sariak ikusten. Hautagai da Everything, Everyewhere, All at Once filma berezia. Edozer, edonon eta aldi berean. Gure gaur eguneko bizitzaren lema ematen du izenburuak. Bizi baikara toki batetik bestera, sarean eta mundu fisikoan barrena, galduta, iragana, oraina eta etorkizunaren artean. Pelikulan, Evelyn izeneko emakume batek gainbehera doakion bizitzari buelta emango dio unibertso digitalean. Han beste pertsona bat da, han nor da bizitza errealean ausartzen ez dena egiteko.

Mar 13, 20233 min

S4 Ep 24Txoria txori

Zerura begira geratu dira oinezkoak espaloian. Han, urrun, parkearen gainean, bi arrano ikusi dituzte hegaz, biribilean. Harrituta daude. “Zoologikotik ihes egin duten hegaztiak izango dira?” galdetu dio batak besteari. Baina ez, arranoak ez ziren iheslariak. Egia esan, arrano burusoil bikotea New Yorkera negua pasatzera etortzen da duela urte batzuetatik hona. Urtarrila eta otsaila bitartean Central eta Brooklyneko parkeetan hartzen dute bizilekua. Bitxia da, Estatu Batuetako agintearen sinboloa da arrano burusoila, banderetan eta ikurretan agertzen dena, baina desagertzear egon zen XX. mendean. Ale batzuk baino ez ziren geratzen bizirik. Dena den, hura babesteko legeak ezarri zirenetik eta, batez ere, DDT pestizida debekatu, arranoen aldrak ugarituz joan dira, 2007an arriskuan dauden espezieen zerrendatik atera zituzten arte. Eta orain, begira, New Yorken habia duten negutiarrak dira arranoak.

Mar 6, 20233 min

S4 Ep 23Bihar beste egun bat

Pozik etorri zen semea eskolatik. “Lagun berriak egin ditut gaur. Kimberly eta Justin. Alaiak dira eta eskuzabalak, futbolean beti pasatzen dute baloia”. Ikasturtea hasita sartu dira eskolan bi lagunak. New Yorkek azken hilabeteotan berrogeita bost mila errefuxiatu jaso ditu. Erdialdeko Amerikakoak eta Venezuelakoak dira gehienak. Tartean bi ume hauek. Eric Adams alkateak esan du ez dagoela azpiegitura nahikorik inor gehiago jasotzeko. Logela handiak antolatu dituzte eta hoteletan kokatu besteak. Eta umeak eskola publikoetan sartu estudiatzera.

Feb 27, 20232 min

S4 Ep 22Ama-hizkuntzen egunean

Zorioneko sentitzen naiz euskalduna naizelako. Beti izan dut sentipen hori, txikitandik. Oztopoak oztopo, eta erasoak eraso, zorte onekoak gara. Bizitza luzea da euskararena, belaunaldiz belaunaldi eman du emaria iturriak. Zeinek esango zion Irulegin brontzezko eskua zintzilikatu zion hari, etxea erre ziotenean, bi mila eta berrehun urte beranduago bere hizkuntzak bizirik iraungo zuela. Dena galdu dela usteko zuen orduan. Baina ez, transmisioa ez da eten, nahiz eta euskararen historia gorabeheratsua izan, gehienetan aginteen babesik gabe. Herri xeheak eutsi dio hizkuntzari. Eta horregatik ere maite dut.

Feb 20, 20233 min

S4 Ep 21Sotoko babesleku nuklearra

Oraindik orain, Antonio Guterres Nazio Batuetako idazkari nagusiak ohartarazi du gerra nuklear bat hasteko arriskua inoiz baino handiagoa dela, eta ez dugula ahotsik altxatzen. Garai batean ez zen horretaz hitz ere egiten, erabat ahaztuta zegoen aukera hori, Sobiet Batasuna eta Estatu Batuen arteko gerra hotza bukatu zenetik. Urte horiek gogorarazten dituen aztarna bat dugu guk etxeko atarian: babesleku nuklearra bertan dagoela dioen txapa.

Feb 13, 20233 min

S4 Ep 20Aintzira osoa hegan

Belaunaldiko hotzaldia izan omen da asteburukoa. Ostiral eta larunbatean, sentsazio termikoa zero azpitik hogeita bat gradukoa izan da. Ez du elurrik egin New Yorken, baina izotza bai. Central parkeko aintzirak izoztuta iratzarri ziren. Antzarak oinez zebiltzan ur izoztuaren gainean. Hotz egunak dira aproposenak irakurtzeko. Etxean sartu eta liburu baten laguntasunean igarotzeko arratsaldea. Egunkarian irakurri dut Roald Dahl-en biografia bikain bat argitaratu dutela. Kontraesan askoko pertsona omen zen. Normala. Pertsona ameslaria izanda, posiblea al da bizitzari neurria hartzea?

Feb 6, 20232 min

S4 Ep 19Bizirauleen ubera

Iragan ostiralean izan da Holokaustoaren oroimenerako eguna. New Yorkeko autobus geltoki eta wifi dorreetako pantailetan ageri zen hirian oraindik sarraski hura bizi izan zuten 20.000 biziraule daudela. Duela ez asko gehiago izango ziren. Nagusi baitaude azken lekukoak.

Jan 30, 20233 min

S4 Ep 18Betiko jatetxea

Ezaguna da The New Yorker aldizkariko bineten umore absurdoa eta zitala. 1925ean hasi zenetik, ilustratzaile bikainak izan ditu aldizkariak, marrazkien soiltasunagatik bai, baina batez ere darabilten ironiagatik. Aldizkaria hirian sortu zen eta bertako umorea jasotzen du, intelektuala, konplexua, garratza ere bai. New Yorkeko ironia.

Jan 23, 20233 min

S4 Ep 17Geltoki fantasmaren bila

Hiri arkeologia egin dugu asteburuan. New Yorkeko metroa ezaguna da legenda asko sortu izan dituelako. Batzuk egiazkoak, beste batzuk, ez hainbeste. Garai batean esaten zen piztiak bizi zirela bertan. Aberatsek etxerako hartutako maskota kume exotikoak, krokodilo txikiak, edo tigre kumeak, hantxe askatzen zituztela hazten zirenean.

Jan 16, 20234 min

S4 Ep 16Hegazti migrariak

Oinezkoak hegaztiei argazkiak ateratzen ari ziren parkean. Urtegi handian zeuden ur txoriei, hain zuzen. Parkea hegaztiz bete da, hantxe hartzen dute babesa kristalezko etxe orratzei itzuri egin eta gero. Parkeak lo hartzen du neguan, hala naturak. Zelai handiak hustu egiten dira, itxi, hobeto esan, belarrak atseden har dezan eta indarrez haz dadin, bedatsea datorrenean. Egun epeletako jendetzak ez daude. Familiak edo lagun taldeak bertan jolasten edo mantalen gainean etzan eta kalakan, iluntze arte, horiek ez daude. Beisbolean edo futbolean zebiltzan horiek barruko igerilekuetan edo izotz pistetan hartu dute gordelekua.

Jan 9, 20233 min

S4 Ep 15Haizea entzuten jakin

New Yorkeko institutu garaiko ikasleen artean modan jarri da mugikorrik ez izatea. Telefonoak badituzte, baina ez adimendunak. Sare-sozialek presio handia sortzen omen dute, uneoro eta egoki agertu beharra, zenbat jarraitzaile dituzun, etengabe agerian egon behar horrek. Mugikorrak albo batera uzteko beste arrazoi bat gurasoak dira. Edo, hobeto esan, gurasoek mugikorrekiko duten atxikimendua. Etengabe daude gailuari begira, seme-alaben galderei erantzun gabe, txioen arabera pozik, haserre, edo negarrez. Eta gazteek ez dute bide hori jarraitu nahi.

Dec 19, 20223 min

S4 Ep 14Gabon teknologikoak

Gaur egun dena dago sarean, edozein itaun duzula internetari galdetu: non zegoen Tebas?, edo, non sortzen da oxigeno gehiago ozeanoetan ala oihanetan?, zenbat ordu behar ditu espazio-ontzi batek ilargira iristeko? Bilatzaileari galdetzea besterik ez dago. Horixe egiten dugu helduek eta, gu konturatu ez arren baita haurrek ere.

Dec 12, 20223 min

S4 Ep 13Berriro ikusiko ez dudan emakumea

Berriro ikusiko ez dudan emakumea niri begira geratu da 79. kalean metroko bagoira sartu naizenean. Berokiko poltsikotik ateratzen zitzaidan liburuari begira. Berriro ikusiko ez dudan emakumeak galdetu dit Bilbao ote duen izenburua.

Dec 5, 20222 min

S4 Ep 12Kaleen hustasuna

Estatubatuarrek gure bizimodua aldatu duten asmakizun ugari ekarri dituzte, ematen du beti aurrera begira daudela, ez dutela ohitura zaharrik. Neurri batean halaxe da, dena da aldakorra hemen, baina egia da baita ere usadio batzuei eusten dietela. Esker emate egunari adibidez. Egun horretan, norbera bere familiarekin edo lagunekin zokoratzen da eta gainontzeko dena albo batera uzten du, tartean, lana. Atseden hartzen du munduak une batez. Dendak ixten dira, tabernak, eta jendea etxeratu egiten da. Euskal Herrian Gabon gabaz eta Eguberri egunez gertatu ohi zen hori, dena ixten zen, eta etxera biltzen ginen. Hori ere aldatzen ari da gurean. Hemen ez, hemen denbora geratu egiten da Thanksgiving egunean.

Nov 28, 20223 min

S4 Ep 11Luke, Mari Jaiaren bihotza

Aspaldi ezagutu nuen Luke, 90eko hamarkadako Bilbon, mundua goitik behera irauli nahi genuen gazteon artean, irudimenez, umorez, bizizale. Satorrak konpartsako kide, Aste Nagusia bizi eta mugitzen zuen arima bihurria izan da ordutik hona. Jaia ez da soilik dibertitzea, mundu bidezkoago bat aldarri egitea ere bada. Ondo zekien hori Lukek, jaia ikusten zuen pertsonen arteko zubiak eraikitzeko tresna gisa, hezurdura bat emateko gizataldeari, elkar ezagutzeko, elkar laguntzeko, ez gaitezen izan hiritar bakartiak, bata bestearen axolarik gabe.

Nov 21, 20223 min

S4 Ep 10Balitz eta bazan

Haurtzaroko esaera zen hau, “balitz eta bazan, biak alkarren kazan”. Edo horren bizkia den beste hau, “balego ta balitz, alkarren atzetik dabiz”. Umetan ez nuen oso ondo ulertzen haien esanahia. Balitz eta bazan, bi hitz irudikatzen nituen saltaka urruntzen, bata bestearen atzetik, zerumugan galtzen ziren arte.

Nov 14, 20223 min

S4 Ep 9Ilunabarra New Yorken

Ilunabarra New Yorken. Josebak, lanetik etxerako bidean, bikote bat ikusi du kale kantoian. Gizona lurrean dago, etzanik eta dardaraka, eta emakumea haren ondoan, makurtuta, besoa jaso eta laguntza eske, estututa. Oinezkoek, izkina egin eta aurrera jarraitzen dute, presaz, beldurrez, batek daki. Inork ez du ezer jakin nahi lurrean datzan gizonaz. Josebak ere gauza bera egin du.

Nov 7, 20222 min

S4 Ep 8Hertzainak

Hertzainak guretzat musika talde bat baino gehiago izan zen, hazi egin ginen pertsona gisa beraiekin, beraien indarrak lagundu zigun nerabezaroan, ikusten bazegoela musika euskaraz egiteko, mundua irudikatzeko, bizitzeko beste era bat. Hertzainak desberdinak ziren. Beraien letrek bizi genuena kontatzen zuten, kalean ikusten zena baina beste inork kontatzen ez zuena, edo ausartzen ez zena kontatzera. Hertzainak aurretik zihoazen, bidea markatzen, ez zuten jarraitzen kontsignarik, eta horrek ikaragarri erakartzen gintuen. Libreak ziren, zentzu guztietan.

Oct 31, 20223 min

S4 Ep 7Haurtzaroa hegan

Irakurri diot Frank Bergon idazle euskaldun estatubatuarrari nola gogoan duen lehengo galera izan zen haurtzaroko objektu batena. Nevadan bizi zenean osaba euskaldunak egurrezko ezpata bat egin zion eta Frank Kaliforniara joan zenean bizitzera ezpata hori eraman zuen berarekin batera. Baina hango mutil handi batzuek lapurtu egin zioten. Oso mingarria izan omen zen Frankentzat hori.

Oct 24, 20223 min

S4 Ep 7Igogailuko zakurrak

Etxe barruko igogailua zaharra da eta estua. Hantxe ibiltzen gara, gora eta behera bizilagunak, eta beraien zakurrak. Ezen andana bizi da gurean. Zakurzaleak dira gero New Yorken, eta familiako beste kide bat bezala tratatzen dituzte. Esate baterako, bigarren solairuko bikote gazteak basset hound bat du, urtetsua, espaloian bere burua botatzen du eta ez du nahi izaten oinez egin. Bikoteak haur txiki bat du. Lehenik umea sartzen dute atarira gurditxoarekin. Gero animalia, besoetan hartuta. Umorea galdu gabe.

Oct 17, 20223 min

S4 Ep 6Beti Itzultzen da iragana

Tom Stoppard antzerki idazlea Txekoslovakian jaio zen judu jatorriko familia batean. Gerran gurasoekin Asiara ihes egitea lortu zuen. Baina aita japoniarrek harrapatu eta hil egin zuten. Ama ofizial britainiar batekin ezkondu zen eta hark eman zion umeari abizena, Stoppard. Ingalaterran hazi, hezi eta egin zen famako kazetari eta antzerkigile britainiar gisa. Amari iraganaz galdetzen zionean ez zuen erantzun garbirik jasotzen. “Orain britainiarrak gara, hemen bizi gara, ingelesezko izen bat duzu”.

Oct 10, 20223 min

S4 Ep 5Etxeko jana

Igandero joaten gara Baserritarren azokara. Historia Naturalaren museoaren inguruan jartzen dira New York iparraldetik eta New Jerseytik datozen laborariak. Konturatu gara, mundu guztiko migrariek egiten dutela baserrietan behar. Atzo bertan, barazkiak ordaintzen ari ginela, Nora konturatu zen kutxako emakumea ingelesean ez zen hizkuntza batean ari zela zenbatzen. Ze hizkuntzatan zenbatzen duzu?, galdetu zion. Tibetekoan. Tibet aldetik etorria zen emakume hura, bide luzea haren sorterrira. Bitxia da, dena den, nola itzultzen garen gure ama hizkuntzara egoera jakin batzuetan, zenbakiekin, adibidez.

Oct 3, 20223 min

S4 Ep 4Central Parkeko izarrak

Larunbat mugitua izan nuen. Goiz partean, Basque Culinary Center-en lan egiten duten lagun batzuekin nuen hitzordua. Horiekin beti ikasten da zerbait, esan zidaten askoren artean, janari ikerketetan badagoela esparru bat deitzen dena “espazioko janaria”. Espazio ontzietan jaten dena? Galdetu nien nik, xalo. Ez, gauza konplexuagoa da. Martera bizitzera joaten garenean han jan beharko duguna aztertzen duena. Hara!

Sep 26, 20223 min

S4 Ep 3Zuzendu ezineko mutila

Lou Reed musikariak (New York 1942, 2013), nerabe zela, elektroshock saioak jasan izan zituen, nonbait oinez egiten “manerak” zituelako. Garai hartan uste zen gaya edo lesbiana izatea gaixotasuna zela, bai hori, gaixotasuna, eta bere garaiko beste hainbatek bezala nozitu zuen Reedek terapia anker hura. Gurasoek uste zuten onerako zela. Baina saio horiek ez zuten mutila aldatu. Alderantziz. Guraso eta gizartearekiko herra sortarazi zioten. Eta herra hori atera zuen rock musikaren bitartez, 60ko hamarkadan hasita.

Sep 19, 20223 min

S4 Ep 2Aurreko leihoko emakumea

Irailaren 11 egun seinalatua da, Dorre bizkiak, Diada, Salvador Allenderen hilketarena. Eta Rosika Schwimmerren urtebetetzea ere bai. 1877ko irailaren 11n jaio zen Budapesten. Bat-bateko ekaitza zela eta, haren amak korrika egin zuen zuhaitz baten abarora eta orduan erditu zen, denbora baino lehenago. Liburuetarako, pertsonaiak asmatu egiten dira edo besterik gabe bizitzatik jaso, hortxe egon direlako ezkutuan, jende arruntaren bistatik aparte, beren beregi baztertuak, kasu askotan. Rosika Schwimmerren figurak zetzan ez hilerri batean, New Yorkeko liburutegi publikoan baino, kartoizko kutxetan sartua, norbaitek noiz zabalduko zain. Bizitzaren zorte bat izan da kaxa horiek zabaltzeko aukera izatea. Halako pertsona handi bat ezagutzea, hilondoan baina gertutik.

Sep 12, 20223 min