PLAY PODCASTS
New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

292 episodes — Page 2 of 6

Erantzuna

Alaba paper batzuekin iritsi da etxera. Eskolan banatu dituzte. Emigranteen eskubideei buruzkoak dira. Goardiak bila badatoz jakiteko zer egin. Egon da polizia sarekadak egiten New Yorken, paper gabeko migrariak harrapatzen. ICE deitzen da migrarien polizia. Bitxia da ICE inizialek “ice” hitza osatzen dutela ingelesez, “ice”, “izotza”, edo “horma”, euskaraz. Mugan eraiki nahi den horma erraldoi hura bezala.

Feb 17, 20253 min

Kaleko musikaria

Egok tronpeta jotzen du Grand Centraleko metro geltokian. Astearte goizetan eta ostegun arratsaldetan hantxe egoten da, faltarik gabe. Jendeak dirua uzten dio, egun txarretan berrogeita hamar dolar, onenetan bostehun.

Feb 10, 20253 min

Central Parkeko koioteak

Koiote bikote bat bizi da Central Parkean. Bertako animalia basatien artean handienak dira koioteak. Bikoteetan bizi dira eta ez dira banatzen bietako bat hiltzen den arte. Hori gertatu zen Central Parkeko koioteekin. Koiote emea bakarrik geratu zen bikotekide berria hartu duen arte. Baina, nola iritsiko zen koiote berria parkera, galdetzen diogu gure buruari. Izan ere, Central Parkea hiriaren erdian dagoen irla berde bat da, handia baina irla azkenean. Kaleak eta etorbideak ditu inguruan. Ez dago naturarako korridorerik.

Feb 3, 20253 min

Iruzurtia

New Yorkeko liburutegien artean bosgarren etorbideko liburutegi publikoa da zalantzarik gabe ezagunena. Baina handik hurre, bada merezi duen beste liburutegi ikusgarri bat, Morgan liburutegia. Izen bereko bankariak eraiki zuen. Etxearen alboan altxatu zuen liburutegia, lorategian, etxean liburuak ez zitzaizkion sartzen eta.

Jan 27, 20252 min

Ailegatu da ekaitza

Ez dakit non irakurri dudan urteko egunik tristeena dela gaurko astelehen hau, urtarrileko hirugarrena. Egun iluna delako, argi ordu gutxirekin, eta urte berrian izaten ditugun asmo on horiek okertzen hasten direlako. Donostiar eta azpeitiar batzuentzat ere izango da goibela, parrandazaleentzat batez ere. Hemen ez dugu San Sebastianik baina jai eguna bada, Martin Luther King handiaren eguna. Justiziaren lerroa etengabe aurrera doala esan zuen hark. Esan ez ziguna da lerro hori ez dela beti zuzena, atzera ere egiten duela batzuetan aurrerabideak. Medioetan oso gutxi hitz egiten da Luther Kingen egunaz. Bitxia da eskubide zibilen aldeko aktibistaren egun berean izatea Trump presidentearen bigarren kargu hartzea. Urteko egunik tristeenean hau ere.

Jan 20, 20253 min

Kabiatik ateratzen

Larunbat honetan, seme txikia bere kabuz atera da kalera lagunekin. Lehen aldia izan da, duela zazpi urte New yorkera etorri ginenetik. Orain arte gurekin batera geratzen zen adiskideekin edo familian egiten genituen planak. Hori bai, ideiak bereak izaten ziren normalean. Guk ere proposatzen genizkion baina ez zitzaizkion iruditzen nahikoa erakargarri. Beraz, guk geuk jarraitzen genuen haren pausua.

Jan 13, 20253 min

Gabonetako maskuluak

Maskuluak Gabonetan bakarrik jaten ditugu etxean. Amak eta izekok larrean hartzen dituzte, kutxa batean gorde eta gero prestatzen dituzte, saltsarekin. Ez da lan xamurra, garbitu egin behar dira eta aurretik. Hainbeste ezen garai batean kontserba fabriketan egun bi libre izaten zituzten emakumeek Gabon aurretik horiek prestatzeko. Istorio asko daude lotuta Gabonetako maskuluei. Ondarroako Mariri, Elgoibartarra jaiotzez, jazotakoa esate baterako. Franco garaian, ikurrina galarazita zegoen sasoian, Marik atsegin zuen geranioak aldatzea balkoian, gorriak eta zuriak bata bestearen alboan, hosto berdeekin euskal bandera debekatuaren aldarria egiteko. Ikurrina ezin zenez jarri, bada geranioak jartzen zituen balkoian. Goiz batean baina, haiek ureztatzera joan zela, konturatu zen geranioak janda zeudela. Laster ikusi zuen barraskiloak izan zirela. Baina nondik iristen ziren barraskiloak bera laugarren solairuan bizi bazen? Jakin zuen berehalaxe azpiko bizilagunarenak zirela barraskiloak. Gabonetarako bildu eta kutxa batean gordetzen zituela balkoian. Baina maskuluak kutxatik ihes egin eta goiko solairura joaten ziren narras, Mariren geranio abertzaleak jatera. Bitxiena da barraskiloen jabea ez zela Mariren korda berekoa. Espainia-zale amorratua baitzen. Hark bai, bandera gorri horia zabaltzen zuen balkoian Francoren aldeko jai egunetan. Entrenatuak izango al zituen maskuluak goiko geranioei eraso egiteko? Batek daki. Maskuluekin edo gabe ondo pasa itzazue egun hauek.

Dec 16, 20244 min

New Yorken ez dago Aibnb-rik

Lehengusinak deitu zidan esateko New Yorkera etorriko zirela oporretan. Betidanik nahi izan dutela ezagutu hiria, irudiak bai oso agerian dituztela, filmetatik, liburuetatik, musikatik, eta bisitatu nahi dutela horregatik, egundo egon gabe ere, hainbeste markatu dituen hiria. Warholen margoak, Velvet Undergrounden diskak, Basquiaten pintadak. Leonard Cohen, Patti Smith eta garai bateko bohemioak biltzen ziren Chelsea hotela.

Dec 9, 20243 min

Mundua edertzen du euskarak

Mundua edertzen du bertsoak Mundua edertzen du naturak Mundua edertzen du arteak Mundua edertzen du lagunak Mundua edertzen du gauak Mundua edertzen du ametsak Mundua edertzen du larruak Mundua edertzen du bihotzak Mundua edertzen du justiziak Mundua edertzen du begiruneak Mundua edertzen du oroimenak Mundua edertzen du berdintasunak Mundua edertzen du irriak Mundua edertzen du biziak Mundua edertzen du herriak Mundua edertzen du euskarak euskarak edertzen du mundua. 2024ko euskararen nazioarteko egunean. Eta Mikel Urdangarinek kantara ekarria.

Dec 2, 20241 min

Titiriteroa

Paul Auster idazleari omenaldia egin zioten Villa Albertine liburu-denda txairoan. Siri Husvedt haren alargunak hitz egin zuen aurrena, bikain. Ondotik, itzultzaileek, editoreek, irakurleek hartu zuten hitza. Azkena, Philipe Petit funanbulista izan zen. Titiriteroak kontatu zuen gaztetan ezagutu zutela elkar Auster eta biak Parisen. Petitek Notre Dame katedrala punta batetik bestera kable baten gainean igaro nahi zuen, legez kanpo, eta idazleak trasteak eramaten lagundu zion. Geroztik, betirako lagun.

Nov 25, 20243 min

Amu Ezpanin

Osaba Santik itsasoari begiratzen zion izaki bizidun bati bezala. Itsasoan ez zegoenean balkoian egoten zen, hari begira, eta ikusten zuen nola aldatzen zen aldartez, ekaitza bazekarren edo bare bazen. Itsasoa zen osabaren tokia. Hantxe zen guztiz bera. Lehorrean konbentzioak eta norma sozialak daude, askotan arrantzaleak ulertzen ez dituenak. Baina itsasoan libre zaude, bakarrik zure buruarekin, eta isilik. Badaki ematen itsasoak barruko bakea.

Nov 18, 20245 min

Eskutitza

Ia inork ez du idazten eskutitzik orain. Mezu elektronikoak bai, bideo laburrak, mugikorretik testuak. Baina kartak, ez. Hala ere, badu eskuz idatzitako gutun batek berebiziko indarra, badirudi eskuz idaztean gure barren barrenean miatu eta ateratzen ditugula ezkutuko altxorrak.

Nov 11, 20243 min

Maratoia

Kolorez esnatzen da hiria azaroaren lehen igandean, Maratoiarekin. Central Parkearen inguruak jendez betetzen dira, hiritarrek profitatzen dute eguna elkarrekin pasatzeko, lagun artean edo familian, maratoia ikusi eta bazkaltzera joateko. Gu ere urtero joaten gara maratoia ikustera. Bukaera baino pare bat kilometro lehenago, Met museoaren atzealdean, hantxe jartzen gara, ikurrina zabaldu eta lasterkari euskaldunak animatzera.

Nov 4, 20243 min

Schwartz andrearen agurra

Iragan ostegunean egin genion Schwartz irakasleari agurra. Berrogei urtez aritu zen gure semea dabilen Center School eskolako zuzendari. Agurra ez zen izan eliza batean, ohi denez, ezta ezelako erlijio tenpluren batean. Gorazarrea New Yorkeko kultura etikorako elkartearen egoitzan jaso zuen. Halakoxea zen Schwartz.

Oct 28, 20244 min

Larrialdiak New Yorken

Semeak kolpe bat hartu zuela eta larrialdietan izan ginen iragan astean. Buruan zabaldu txiki bat, jolasean zebilela. Gauza handia ez baina ondo itxi beharra nabari zen. Metroz joan gara ospitalera. Taxia baino bizkorragoa da. Larrialdiak, iritsi gara. Ospitalera sartzeko ate detektagailu batetik iragan behar izan dugu. Utzi mugikorrak hor. Erakutsi poltsak. Ez du txisturik jo ateak.

Oct 21, 20244 min

Dena ondo

Metroan noala, aldiro aplikazio berri baten iragarkia ikusten dut. Lana lortzeko, bikotekidea aurkitzeko, ilea ez erortzeko. Horren karietara, duela egun batzuk solasaldi bat izan nuen gauza hauetan aditua den lagun batekin. Aplikazio baten berri eman zidan. Gauza txarren aplikazioa. Momentuan gertatzen ari diren krimenen berri ematen dizu. Eta abisatu, zure kokapenaren arabera. Horrela, jakingo duzu zure ondoko kalean lapurreta bat izan dela, alboko parkean kolpatu egin dutela norbait, edo poliziak atxilo egin duela zein edo zein hiru karrika beherago.

Oct 14, 20242 min

Diasporaren alde

Halako batean, sartu naiz, asperdura astintzeko edo, abizenen berri ematen duen web orri batean. Jakin nahi izan dut zenbat Uribe dauden munduan zehar eta harridura sortu dit emaitzak. Euskal Herrian, 4000 bat omen daude. Gehiena baina Mexikon daude, 90.000. Hego Amerikan zehar, beste andana, Kolonbian, Perun, Argentinan, Txilen.

Oct 7, 20243 min

Existentzia gardenak

“Existentzia” deitzen zen 1987 urtean TU-K taldeak atera zuen maketak. Musika indiea, gotikoa batzuetan, oinarri elektronikoekin. Txomin anaia zen kideetako bat. Kantetarako letrak behar zituela eta konturatu zen haren anaia gazteak, nik, poemak idazten zituela eta poema horiek “lapurtuta” konposatu zituen lehen abestiak. Orduan batxilergoko lehen mailan negoen, hamasei urterekin.

Sep 30, 20243 min

Drill

“Drill” esaten zaio eskolan sute bate edo arma-eraso bat egonez gero egiten diren simulakroei. Umeek horrela ba omen dakite zer egin halako zerbait benetan gertatuz gero. Gure seme-alabek ere izaten dituzte horrelakoak. Beraientzat gauza normala da, baina ez litzateke behar. Pasa den astean bertan, alabaren eskolan armak detektatzeko “kontrol sorpresa” izan zuten. Egun bat lehenago, semearen eskolatik mezu bat jaso genuen. Haren eskolaren parean dagoen institutuan gertakari bat izan zen. Norbait susmagarria sartu zela pentsatu zuten eta hala institutuko nola inguruko eskoletako ikasle guztiak geletan itxi zituzten. Mezuak zioen, bukaeran, lasai egoteko, alarma faltsu bat izan zela dena. Eta, ez balitz? Eskoletako arma erasoak berebiziko arazo bihurtu dira Estatu Batuetan. 2012tik hona ugaritu egin dira gainera. Kontua da erasotzaileak ez direla izaten ezezagunak, ez dira lapurrak edo kartzelatik ihes egindako kriminalak. Ez, eskola bertako ikasle edo ikasle ohiak izaten dira. Eta kasurik gehienetan beraien etxean bertan lortzen dituzte armak. Etxeko armairuan. Aldiro azaltzen dira han eta hemen eskoletako arma erasoen estatistikak. Ez dakit zenbat hildako, ez dakit zenbat zauritu. Datuak eta datuak. Hala ere, agintariei kosta egiten zaie erabakiak hartzea. Zenbakiak zenbaki, goizero eskolara motxilarekin doana nor bere seme-alaba denean, gauzak oso bestela ikusten dira. Umeak baino ez dira, bizitzaz gozatzen hasiberriak.

Sep 23, 20243 min

Elkarrizketa

Ematen du egun batetik bestera ez dela ezer aldatzen, gauzak bere horretan jarraitzen dutela dirudi, eta horrela iraungo dutela, luzaroan. Baina begirada altxatu eta atzera begira, orduan egunen joana bizkorra da oso, eta orduan bai ikusten direla aldaketak, nola egin duen mudantza munduak, eta gure bizitzak. Semeari elkarrizketa bat eskatu diote eskolan. “Nolakoa zen bizitza 80ko hamarkadan”, horixe zen gaia, eta ni izan nau hizpide. Pozik jarri naiz bere alboan, galderak erantzuteko prest. “Nolakoa zen orduan zuen bizitza?. Bada, beharbada alderik handiena dela garai hartan ez zegoela ez ordenagailu pertsonalik ezta mugikorrik ere ez. “Eta nola jolasten zenuten?” Kalean, erantzun diot, edo mendian, eskuekin guk geuk egindako arku eta geziz. “Ez al zenituzten erosten?”. Ez zegoen beharrik, guk bagenekien egiten, makila batzuekin eta soka zahar bat, besterik ez zen behar. “Benetan?”, egin du barre, “ez gara ari erromatarrez, 80ko hamarkadaz baino”. “Eta asteburuak nolakoak ziren?” Zinera joaten ginen, herriko ume guztiak egoten ginen aretoan batera, eta berdin zitzaigun ze filma botatzen zuten. Itaunak erantzun eta orduantxe ohartu naiz gauzak benetan asko aldatu direla. Niretzat gure haurtzaroa baino ez zen, baina semearentzat beste mundu bat. Ostean galdetu dit zenbat lagun bizi ginen etxean. Eta zenbatzen hasi naiz: gurasoak, izeba, amaren ahizpa, osaba, aitaren anaia, eta gu lau senide, zortzi guztira. “Zortzi? Asko ez?”. Tira, Aita eta osaba arrantzaleak zirenez egun gehienetan kanpoan zeuden. “Eta nola egiten zenuen lo?”. Bada, etxeak hiru gela zituen. Gurasoak gela batean, izeba eta arreba bestean, hiru anaiok hirugarrenean. “Eta osabak?”. Osabak, salan. Eta pentsakor geratu naiz, goibel, itsasoatik etorri eta sofan lo geratzen zen langile haren bizimoduarekin gogoratzen. “Aita, zergatik geratu zara isilik?” Ez da ezer, seme.

Sep 16, 20244 min

Pozaren iraultza

Bihar gauean izango da Estatu batetako Presidenterako bi hautagaien arteko debatea. Ikusmin handia dago hemen eta munduan. Trump saiatu da aldez aurretik lehiakidea kritikatzen, ezegonkortzen. Astakeria asko esan ditu, baina gauza bat egin zait deigarri bereziki. Esan du Kamalak barre gehiegi egiten duela. Ezaguna da Harrisen barre algara, ozenki egiten du barre. Bada, nonbait hori ez omen da serioa presidente izan nahi duen batentzat. Demokratek buelta eman nahi izan diote kontuari eta Harrisen algara aldarrikatu egin dute. Kamalarena izango da pozaren iraultza, esaten dute, beti haserre dagoen presidente ohiaren aurrean. Afrikar amerikarren artean poza aldarrikatzeko tradizio luzea dago. Esklabu izan dira, lapurtu diete ia dena, baina poza, poza sekula ez. Pozik egotea da mendekurik onena, poza da helburua eta poza da bidea. Egia esan, barre algararen kontu honekin enpatia sentitzen dut Kamalarekin. Niri ere barre algara ozena ateratzen zait, berez. Eta ezin dut kontrolatu. Saiatu izan naiz hura aldatzen baina alferrik. Etxekoek eta lagunek urrundik ezagutzen naute nire algaragatik. Argazkietan ere irribarretsu agertzen naiz ia beti, nahiz eta batzuk ohartarazi ez nautela idazle bezala seriotan hartuko horrela azaltzen banaiz. Badakit pozak ez duela berez ezer konpontzen. Politika zehatzak behar direla gizartea justuagotzeko. Eta lana, lan nekeza. Baina zergatik ez egin hori irribarre batekin? Zergatik ez atsegin, zabar ordez? Nik argi daukat. Gora pozaren iraultza!

Sep 9, 20243 min

Gili-Gili

Gili-gili da kili-kili edo kilima Ondarroako hizkeran. Manolitak eta Pellok portuko lana utzi eta jantzi-denda jarri behar zutela eta dendari zer izen jarri behar zioten galdetu zieten beren haurrei. Haien erantzuna, “gili-gili” izan zen, horixe baitzen haien berba faboritoa.

Sep 2, 20243 min

Denboraldiko azkena

Denboraldiko azkena Abiada gorrian igaro da ikasturtea eta iritsi gara denboraldiko azken podcastera. New Yorkeko munduak utzi eta Euskal Herriko munduetara etorria naiz, uda hemen pasatzera. Saturraran operaren estreinaldiaren aitzakiaz zeharkatu dut Atlantiko ozeano tzarra. Ederra eta gogoangarria halako egitasmo batean parte hartzea, opera garaikidea eta euskaraz, gure kultura ahalik eta gehien hauspotu guran. Bi egunetan egon zen mukuru bete Arriaga. Ikusleen artean, asko eta asko, estreinako joaten ziren operara. Hunkituta ikusi nuen jendea, baita lantaldekoak ere. Zazpi urteko lanaren emaitza. Ea ibilbidea luzatzen duen Euskal Herriko eta erbesteko antzokietan. Bart, langarrez bizi izan genituen San Juan gaueko suak eta gaur eguzkitsu hartu gaitu egunak. Halakoxea da bizitza, batean estu hartzen zaitu, bestean santuak amenean daude. Aste honetan, ostegunean Tolosara egingo dut bisita aspaldiko partez eta larunbatean Ondarroan Zapato Azule, tradizio bilakatu den lagunarteko egun zoroa. Zaharrak berri eta berriak zahar. Eta gaur, San Juan eguna denez, ekandu zaharrari egingo diot kasu. Txikitan herrian entzuten genuen kantak halaxe dio: “San Juanek dio bere egunean / zelebratzeko fiesta. /Kastigatua izango dala / lana egiten duena”. Bada antzinako ohiturari jarraiki, nik ere “fiesta” hartuko dut, datorren udazkena arte. Ondo izan!

Jun 24, 20243 min

Ezezkoa baiezko bihurtu

Arteak eta gizarteak aurrera egiten du ezezkoa baiezko bihurtuta. Ezinezkoa uste dena egia bilakatuta. Debekuari aurre eginez. Eskubideak lortzen dira ezezkoa baiezko bihurtuta. Saturraran opera baiezko horren aldarria da. Ezin maitatu ziren bi emakumek elkar maitatzen dute. Zergatik ez? Zergatik mugatu behar dugu maitasuna? Zoriontsu egiten gaituen gauza handi hori? Ane euskalduna, Luna andaluziarra. Bi tradizio, bertokoena eta migratzaileena, amets berarekin. Heroinaren mundu ilunak harrapatuko ditu. Ondo gogoan dut sasoi hori, nerabea nintzen arren. Herrian, etxean bizi izan genuen. Baita haren atzea ere, hiesaren epidemia.

Jun 17, 20243 min

Delaunayren eguzkia

Arteak poza ematen dit. Asebetetzen nauen ekintza da artelanak ikustea, mendira joatea edo lagunekin biltzea bezain ekintza beharrezkoa. Denbora asko igarotzen badut arterik ikusi gabe, tristatu egiten naiz eta urduritu, bitxia da, baina arteak laguntzen dit bizitzan oreka bilatzen, eta adiskidetzen nau, gure espezie ankerrarekin.

Jun 10, 20243 min

Irakurleen sarea

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatuta Bilbao-New York-Bilbao liburuaren irakurketa jarraia izango da Arriaga antzokian ostegunean. Aurretik, asteartez eta asteazkenez, bestelako hitzorduak antolatu dira. Asteartean, Euskaltzaindiako egoitzan, Mari Jose Olaziregi eta Miren Ibarluzea EHUko irakasleak arituko dira liburuaren hezur-haragi literarioez eta nazioarteko ibilbideaz. Asteazkenez, ni neuk emango dut hitzaldia, “Nondik datoz istorioak?” izenburuarekin, toki berean.

Jun 3, 20243 min

Euskara ikasleari

Jakin dut podcast honen entzuleen artean batzuk euskara ikasleak zaretela. Poztu egiten nau horrek. Eta zuei eskerrak eman eta gorazarre egin nahi nizueke oraingo honetan, zuengatik baikara ez bakarrik handiago baizik eta askotarikoago ere bai. Euskara ez da bat bakarra, era asko daude euskaldun izateko, hiztunak adina, esango nuke. Inor ez da bestea baino euskaldunago, denok gaude maila berean, hizkuntza erabiltzen dugun neurrian.

May 27, 20243 min

Kalera bidean

Kalera bidean, ataritik atera eta ilargia ikusi dut zeru urdinean. Arratsaldea zen, baina oraindik ordu batzuk geratzen ziren iluntzerako. Hura ikusita, Ondarroako gizon batek, Arakistainek, kontatu zidan ipuina etorri zait burura.

May 20, 20243 min

Txorien bizitza berria

Mariana Enriquez idazle argentinarraren liburu berrian irakurri nuen, Toki eguzkitsua jende goibelarentzat izenekoan. Ipuin-liburua da eta narrazioetako batean kontatzen da txoriak, aurreko bizitza batean, emakumeak izan zirela. “Zigorren bat jasan zuten emakumeak”, idazlearen hitzetan. Ideia, nonbait, Amazonaseko herrien elezaharretatik atera zuen. Hango biztanleek hori uste dute, txori bakoitza, aurretik emakume izandakoa dela.

May 13, 20243 min

Dena dago geldirik

Unibertsitateen egoerak okerrera egin du azken astean. Poliziari deitzeak egoera makurtu baino ez du egin. Komunitate akademikoaren barruan tentsio handia somatzen da. Egon dira unibertsitate batzuk ikasleekin negoziatu dutenak, eta horietan arazorik gabe kendu dira kanpaldiak. Baina gehienetan polizia sartu da.

May 6, 20243 min

Ikasleen hautu zaila

Gazako triskantza dela eta protestak gero eta handiagoak dira Estatu Batuetako unibertsitateetan. Columbian kanpaldiak jarraitzen du, nahiz eta pasa den astean polizia oldartu zitzaien eta hura desegin, ikasleek berriz jarri dituzte dendak. Gazako egoera hobetu arte ez omen dira joango, eta Columbiak sionistekin dituen loturak eten arte.

Apr 29, 20243 min

Behar duguna

Lurraren nazioarteko eguna da, gaur, apirilak 22. Charitie Ropati ikasleak Nazio Batuetan esandakoa etorri zait burura. Alaskako jatorrizko herrietako kidea da Ropati eta ingeniaritza estudiatzen du Columbiako unibertsitatean. Hark kontatu zuen bere birraitonak 1967 urtean egindakoa. Izotz iraunkorraren gainean zuten herria eraikia. Izotza urtzen hasi zela konturatu eta aitonak eta bere kideek, traktoreak eta zakurren lerak erabiliz, herri osoa mugitu zuten kilometro batzuk iparraldera. Belaunaldiz belaunaldi bizi izan ziren tokia utzi zuten lurra ondoratzen eta uraren maila igotzen ari zelako. Eta hirurogeiko hamarkadatik hona, Lurraren tenperaturaren igoera arras bizkortu da.

Apr 22, 20244 min

Eklipsearen uberan

Bitxia da New Yorken hiritarrek duten zientziarako zaletasuna eta jakinmina. Asteleheneko eklipsearekin bidaiak antolatu zituzten New York estatuaren iparraldera, Buffalo edo Niagara aldera, handik hobeto ikusiko zelako. Hegazkin txartelak eta hotelak agortu ziren. Liburutegi eta museoetan betaurreko bereziak banatu zituzten ilargiak estaliko zuen eguzkiari zuzen begiratzeko. Ikastetxeetatik ateraldiak antolatu ziren. Iritsi zen eguna, eta minutu batzuetan dena igaro zen. Ilundu egin zuen pixka bat eta gero argitu. Seme alabak azkenerako desengainatuta etxeratu ziren. Hainbestekoa zen ikusmina ezen ez zirela hunkitu.

Apr 15, 20243 min

Lurrikara eta erreplika

Goizeko hamarrak eta hogeian izan zen. Ostiralez. Columbia Unibertsitateko liburutegi barruan nengoen. Halako batean, burrunba. Tren bat azpitik pasako balitzaigu bezala. Sapaitik eskegita dagoen argi-armiarma dardarka hasi zen, kristal hotsa. Elkarri begira hasi ginen han geundenok. Inork ez zuen pentsatu lurrikara izan zenik. Kaleko obrak, kamioi handi bat albotik pasatzen. Horrelako zerbait. Handik gutxira, mugikorrak hasi ziren dardaraka. New York Estatuko mezua. Lurrikara bat izan zela, baina lasai egoteko. Ostean, eskolatik mezuak, umeak ondo daudela. Eta familiakoenak.

Apr 8, 20244 min

Ametsaren gaiztoa

Mark Kurlansky idazleak berak idatzitako liburu bat oparitu. Oroitzapen liburua da, eta bere bizitzako pasarteak Hemingwayren figurarekin lotzen ditu. Nola ezagutu zuen idazlea txikia zenean, Idahon, eta gertakizun horrek bere bizitzan izan duen itzala. Zaletasun asko zituzten berdinak, itsasoa, literatura eta euskaldunonganako maitasuna, besteak beste.

Mar 18, 20243 min

Euskara eta poesia

Atzo iritsi nintzen Euskal Herrira, bi asterako. Loraldiak antolatuta, Munduari begiratzeko ikus-entzunezkoan parte hartuko dut asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian. Ospakizun gaua izango da, hogei urte bete baitira Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, Mikel Valverde eta bostok Zaharregia, txikiegia agian hartako lehen emanaldia New Yorken eman genuenetik. Poesia, musika eta artea zuzenean. Eta euskara aldarri. Bilbon, CD-liburu hartako piezak, ostean etorri zen Jainko txiki eta jostalari hura-koak eta aurten beren beregi sortutakoak eramango ditugu taula gainera. Aspaldiko lagunak, amets berrituekin.

Mar 11, 20243 min

Hizkuntzen hiria

Donald Trumpek asteon esan du hegoaldeko mugara egindako osteran. Migrariek kaltea baino ez dutela ekartzen Estatu Batuetara, lapurrak omen dira, biolentoak, bortxatzaileak. Eta gainera, “inork ulertzen ez dituen hizkuntzak” ekartzen dituztela beraiekin, Estatu Batuetan lehen ezagutzen ez zirenak, gaixotasun larriak balira bezala, hitzezko infekzioak. Arreta deitu zidan hizkuntzak lapurreta edo bortxaketen maila berean jartzeak.

Mar 4, 20243 min

Patrikako deabrua

Robert Louis Stevenson idazlearen ipuinik ezagunenetako da “Botilako Deabrua”. Bertan kontatzen da nola Keawe izeneko hawaiiar batek San Francisco hirira bidaia bat egiten duela eta han gauza berezi baten jabe egiten da: barruan deabrua daraman botila bat erosten dio gizon artega bati. “Deabruak edozein desio betearaziko dizu, bizitza luzatzea izan ezik. Hori bai, hil baino lehen hobe duzu botila saltzea bestela infernura joango zara. Botilak balioa galdu egiten du saltzen den bakoitzean, prezio baxuago batean saldu behar da. Azkenak, hortaz, ezin izango du saldu eta infernura joango da”. Salduko al du botila Keawek?

Feb 26, 20243 min

Egun bakarreko negua

Euskal Herrian, Agate Deunaren bertsoak kantatuz makilekin lurra zanpatzen da. Nonbait lurra esnatu eta udaberria etor dadin. Garai beretsuan, otsailaren hasieran eta Estatu Batuetan, Phil izeneko marmotak negua luzatuko ote den argitzen digu. Aurten, animaliak esan zuen udaberria aurreratuko dela. Agate Deunaren makilek egin zuten bere lana, agi denean. Baina astebete beranduago elurtea izan da New Yorken. Egun bakarreko negua. Eskolek agindu zuten ez zegoela klaserik. Ez dakigu arrazoia benetan elur jasa handiak bideetan eragin zezakeen kaltea zen, ala besterik gabe, nahi zuten umeek egun hori libre izatea, elurretan ibiltzeko. Nik hori pentsatu nahi dut.

Feb 19, 20243 min

Super Bowlari Begira

Igandea Super Bowl-aren eguna izan zen. Eguna diot, partida arratsaldez izan arren, egun osoa egoten baita jendea hemen leihari buruz berbetan. Baserritarren azokan, parkean oinez dabilenak edo supermerkatuan. Metroan ere entzun dugu partidari buruz. Gidariak berak ziurtatu digu garaiz iritsiko dela trena. Hari entzunda gure atzean gizon batek esan digu berak partida baino atsedenaldiko kontzertua nahiago izaten duela. Urteko abagunea musikarientzat, miloika pertsonek ikusten dutena. Futbol amerikarra konplexua da. Behin lagun batek kontatu zidan oso sinplea dela kontua, “baloia inor ez dagoen tokira botatzea da gakoa”.

Feb 12, 20243 min

Eskultorearen senarra

Audubon Terrace Historic District deitzen da New Yorkek duen toki ia sekretu bat. Bertan kokatzen da Hispanic Society izeneko liburutegi eta museoa eta baita Estatu Batuetako arte eta letren akademia ere. 155. eta 157. kaleen bitartean, hiriko gainontzeko museoetatik aparte, Washington Heights deritzon auzo bizi eta askotarikoan.

Feb 5, 20244 min

Ikerneri

Ikerneri Visitación deitzen zion Frankismo garaiko eskolako monjak. “Zu ez zara Ikerne, Visitación baino”, esaten zion erdeinuz, umearen izena euskaratik gaztelaniara itzuliz. Ikerneren erantzuna izaten zen Francoren postako zigiluak zirriborratu eta betaurrekoetan itsatsiz, monjaren aurrera azaltzea.

Jan 29, 20244 min

Caravaggioaren begirada

Caravaggioren Musikariak izeneko koadroa ikusi nahi genuen MET Museoan. Koadroan lau nerabe ageri dira, eta horietatik bat, atzean dagoena, margolaria bera da. Edertasunaren hauskortasuna sinbolizatzen du margoak. Gaztetxo horiek, laster, ez dira izango. Caravaggiok iraultza ekarri zuen margolaritzara XVI eta XVII. mendeen tolesduran, Chiaroscuroaren teknikarekin. Baina ez hori bakarrik, bere modeloak benetako pertsonak ziren, ez ziren gorputz idealizatuak. Kalean bizi ziren pertsonak eramaten zituen margoetara, eta gero aberatsek eta kleroko handikiek etxean edo elizetan ikusten zutena hori zen, kaleko jende pobrea, santu jantzita. Gogorarazi nahi zien jende txiroa ere hor dagoela.

Jan 22, 20244 min

New York bat baino gehiago

Hiria hasi da Gabon usaina galtzen eta neguaren bihotzera bideratuz doa. Langileek Gabonetako zuhaitzak jasotzen dituzte espaloietatik eta parkeetako lakuetan jarri dituzte egurrezko eskailera gorriak. Ur azala izozten bada jendea oinez ibiltzen da gainetik eta eskailerok dira izotza zulatu eta barrura norbait eroriko balitz, salbatzeko. Mugikorreko eguraldi iragarpenak zero azpitik egingo duela diost, eta mezuak ere hasi dira bidaltzen udaletik, kode urdina abian dela esanez, hau da, etxerik gabekoak kalean gauez aurkituz gero abisua emateko eskatzen duena.

Jan 15, 20243 min

Hiru errege errepublikan

Errege eguna egun seinalatua izaten zen New Yorkera iritsi ginenetik. Umeak txikiak zirenean Rafa Yusteren etxera joaten ginen ospatzera, eta opariak ere jasotzen zituzten, bakoitzarentzat liburu bat. Rafarenean errege erroska jaten genuen. Mexikar batzuen okindegian lortzen zuen, Queens aldean, ez da erraza errege opila Estatu Batuetako hiri tzarrean aurkitzea. Panpinak edo babak ere izaten zituen barruan. Eta ez bat bakarra, Euskal Herrian bezala, dozena erdi bat baino. A ze paotsa.

Jan 8, 20243 min

Etxe zurira bisitan

1940ko Gabonetan Manu Sota euskal idazle eta aktibista Washingtongo Etxe Zurian izan zen. Haur batzuekin batera Gabon kantak euskaraz kantatu zizkieten Roosevelt senar-emazteei. Espainiako Gerra Zibila bukatu berri, II Mundu Gerra garaian, ondo hartu zuten Rooseveltarrek gure Manu Sota exiliatua.

Dec 18, 20234 min

Ane

Ane zeukan izena izekok. Errepublika garaian jaio zen eta euskarazko izena jarri ahal izan zion amamak bere lehenengo alabari. Hurrengo alabekin ezin izan zuen egin, baina Anerekin bai. Horregatik izeko Ane beti izan da Ane, baita Franco garaian ere, Ane.

Dec 11, 20235 min

Abenduko eguna

Neguaren atarian gaude New Yorken, heldu da hotza, jendea berokiekin dabil eta txanoa buruan. Gabonetako zuhaitzak saltzen hasi dira Quebec aldetik etorritako laborariak. Asteon, Rockefeller plazako zuhaitz erraldoiari jantzi diote 50.000 argiekin egindako soinekoa. Halaxe da, esker emate egunaren ostean negu usaina zabaltzen da hirian.

Dec 4, 20233 min

Black Friday egunez

Ametsean, Black Friday eguna zen. Hiri handi bateko saltoki handi batean nengoen. Itzela. Munduaren tamainakoa ia. Jendea beherapenetan zebilen, hara eta hona. Arropak, gailuak, altzariak aldean. Denetarik. Ustekabean aurkitu nuen, han nonbait zegoen kutxa sakon baten barruan. Kutxa arropa merkez betea zegoen eta haien artean bila ari nintzela, orduan idoro nuen. Objektu zuri bat zen. Liburu bat? Ez, antza zeukan baina, ez. Gero ohartu nintzen: Bakea zen.

Nov 27, 20233 min

Zu eta zuek

Asteon egon naiz entzuten John McWhorter hizkuntzalaria podcast batean. McWhorter Columbia Unibertsitateko irakaslea da, karibetar jatorrikoa. Hizkuntzen egoera eta berezitasunei buruzko hainbat xehetasun ematen ditu. Esate baterako, gaur egun dauden zazpi mila hizkuntzetatik ehundaka batek iraungo duela bizirik datorren mendean. Zalantzarik gabe dio hizkuntzak oro miragarriak direla, beharrezkoak denak, baina guzti-guztiek dituztela akatsak. Akatsak, baiki, akatsak.

Nov 20, 20233 min