
New Yorkeko munduak
292 episodes — Page 5 of 6

S3 Ep 31Punpuilen distira
George Floyd Minneapolis-eko gizon afroamerikarra hil zuen polizia errudun izendatu dute asteon. Derek Chauvin izeneko goardia zuriak belaunarekin zanpatu zion lepoa, hura geldiarazi nahian. Floyd-ek hamahiru aldiz esan zion ezin zuela arnasarik hartu. Jaramonik ez, eta azkenean, ito egin zen. Neskato batek grabatu zuen dena bere mugikorrarekin, nerabe batek, eta grabazio hori izan da epaiketako froga nagusiena.

S3 Ep 30Maskota berri bat
Asteon iritsi berri zait New Yorkeko hizkuntzen mapa eguneratua. ELA (Endargered Language Alliance edo arriskuan dauden hizkuntzen aliantza) izeneko elkarteak eta Columbia Unibertsitateak egina. Nonbait 800 bat hizkuntza hitz egiten dira hirian, auzoetan batez ere, erdialdea nonbait kolorgeagoa da. Asiar jatorrikoak dira gehienak, eta Amazonas aldekoak ere badaude, dezente.

S2 Ep 29Tirita besoan ibili munduan
Gose garaiko gure amak, kontatzen digu arrautza ondasun preziatua zela gerraosteko urteetan, hainbeste ezen gurasoek erdibana jaten zuten eta umeek laurden bat besterik ez, arrautza bera lau zatitan. Nonbait okerrena izaten zen gurasoentzat gorringoa zatitzea, ume bati besteari baino zati handiagoa emanez gero senideen artean okasioa aterako baitzen.

S3 Ep 28Polo saltzailea
Badator udaberria eta hark dakarren eguraldi onarekin batera izozkiak saltzen dituzten kamioiak entzuten dira, hara eta hona hirian, beren musika berezi horrekin, kaleak betetzen, umeak eta ez hain umeak deituz. Eskoletako patioetan jartzen dira batez ere, umeak eskolatik atera bezain laster ilara egin eta izozkia eros dezaten.

Txertoak eta donutsak
Jendea animatzeko bi era omen daude. Bata da triunfalista, “onenak gara, irabaziko dugu” eta horrelakoak esaten lagun hurkoa berotzea. Bestea da kontrakoa, aurretik egoera oso gaizki jarri eta gero edozein aurrerapen pausu handi bat bezala azaltzea. Biden presidentea bigarren eskolako honetakoa da. Agintaritzara iritsi eta esan zuen lehenengo gauza izan zen zaila izango zela pandemia gainditzea, saiatuko zela egunean milioi bat pertsona txertatzen, baina nekez lortuko zutela. Bikoiztu egin ditu azkenean zenbakiak eta egunean bi milioi eta erdi pertsona bakunatzea lortu du. Jendea pozik dago ondorioz. Espektatibak txikiak badira, garaipena errazagoa da. Espektatiba handiekin errazagoa da desengainua.

S3 Ep 26Asiarrak
Astearte gauean Atlantan hildako zortzi pertsonetatik sei asiar jatorriko emakumeak ziren. Emakume eta asiar izatearren tirokatu zituztela uste da. Asiar jatorriko estatubatuarren aurkako erasoak hazi egin ziren iazko urtean. 3.800 eraso salatu ziren guztira. Trump presidente ohiak zerabilen hizkera arrazistak ez zuen lagunduko giroa baretzen. Covid 19 aipatu beharrean “virus txinatarra” esaten baitzuen edo “Asiako virus-a”.

S3 Ep 25Ez ditzagun ahantz
New Yorkeko Metropolitan Museum-eko artelanen artean, Ponpeia aldeko freskoak dira altxorretako bat. Vesuvio sumendiak eztanda egin zuenean, 79. Urtean, Boscoreale izeneko etxaldea errautsez estalia geratu zen. Fannius Synistor izeneko bankari baten bizilekua zen. XIX. mendearen bukaeran, industen hasi zirenean, freskoekin apaindutako egongela zoragarri bat aurkitu zuten, bere horretan, denbora igaro ez balitz bezala, bi mila urtean.

S3 Ep 24Martxoak 8 hemen
Martxoaren 8an, eta 1857an, New Yorkeko oihal lantegietako emakumeak, egunean hamar orduko lanaldia eskatuz kalera atera ziren eta poliziak egin zien oldar. Berrogeita hamaika urte beranduago, milaka emakumek hartu zituzten berriz New Yorkeko kaleak. Aurreko martxoak 8ko errebolta hura gogorarazi nahi zuten eta emakumeentzako boza aldarri egin. Handik gutxira, 1910ean, martxoak 8 izendatua izan zen nazioarteko emakume langileen egun bezala.

S3 Ep 23Ontza
Elur urtea izan da aurtengoa New Yorken. Zuhaitzek, hostoak galdu eta horien ordez elur malutak jasotzen hasi ziren oso goiz. Central Parkeko lakua izoztuta egon da eta jendea ikusi dugu ur gainean patinatzen eta baita oinez ere. Umeentzat, eta beraiekin geunden helduontzat, jolasa zen edozein aldapatan behera irristatzea. Batzuk hartz polarrak ere irudikatu dituzte elurrarekin, klimaren aldaketa salatzeko.

S3 Ep 22Pertsona bakar batek
Bakunazioaren erritmoa ikaragarri hazi da Estatu Batuetan. Biden-ek ehun egunetan ehun milioi dosi emango zituela agindu zuen hauteskundeetan. Aho handi ere deitu zioten horregatik. Baina zenbaki hori orain txiki geratu da, egunean 1,7 milioi dosi ematen baitira eta bi milioi ematera ere aurki iritsiko direla iragarri dute. Arazoa da, betikoa, auzo pobreetara ez dela ailegatzen ganoraz informazioa eta afroamerikarrak dira gutxien bakunatu direnak. Kontua da ziztada hartzeko ordua internet bidez hartu behar dela eta horretarako prestatu diren orriak oso konplexuak direla eta erakunde bakoitzak gainera berea dauka, udala dela, estatua dela, ospitaleak....

S3 Ep 21Beste George Washington
Ezaguna da “George Washington Delaware zeharkatzen” koadro erraldoia. Bertan, Estatu Batuetako lehen presidentea agertzen da ontzi batean zutik, izoztutako ibaia zeharkatzen, garaipenaren bidean. Margo epikoa da. Berarekin batera ontzian doazenak zuriak dira gehienak, eta gizonezkoak, nola ez. Tira, bada emakume bat bazter batean, eta afroamerikar bat eta jatorrizko natibo bat ere bai, baina salbuespenak dira. Koadroak, egia esan, oso gutxi du egiazko. Agertzen den bandera urte batzuk beranduago sortu zen, Washingtonek ibaia gauez zeharkatu zuen eta ezkutuan, eta ez egunez eta zutik, irudian agertzen den bezala.

S3 Ep 20Balearena
Mikel Urdangarinek kantatu berri du izurdeen itzulera kostaldera, nola, pandemiaren geldialdia profitatuz, hurreratu diren lotsagabe. New Yorken antzeko zerbait gertatu da, baina, baleekin. Balea konkordunak ikusi dituzte abenduaren bukaeran Askatasunaren Irudiaren bueltan, uger egiten. Duela bospasei urte ikusi zituzten lehenak, aspaldiko kroniketan agertu bai baina gero kutsaduragatik desagertu ziren balea handi horiek.

S3 Ep 19Soka saltoan
Alaba azkena izan da lagunen artean mugikorra izaten. Orain arte eutsi diogu baina aurtengo Gabonetan ezin izan diogu esan Olertzerori ez ekartzeko. Ume guztiak dabiltza mugikorrarekin. Ez dituzte edonolako telefonoak gainera. Marka onak eta azken modeloak. Nonbait guk ez dugun maila umeei eskaini nahian gabiltza gurasoak.

S3 Ep 18Kaleko margolaria
P.L. Travers idazlearen Mary Poppins liburuan bada pasarte bat non Mary Poppinsek eta haurrek kalea klarionez margotzen duen artista bat aurkitzen duten. Halako batean, espaloiko irudian barrena egingo dute Mary eta umeek, eta han jostatuko dira, klarionezko mundu miragarriaren barruan.

S3 Ep 17Amamaren paperak
Gomutan hartu ditut gure amama Anparo Etxabururen paperak. Gordeak zituen Gernikako bonbardaketa zela eta Franco-zaleek zabaldutako berri-paper batzuk. Horietan Gernikako bonbardaketako irudiak agertzen ziren, etxeak lurrarekin berdinduak, gerraren suntsipena, hildakoak. Paperetan salatu egiten zen gertatutakoa, gogorki salatu. Baina esaten zen errudunak euskal nazionalistak eta errepublikazaleak izan zirela. "Hau da Jose Antonio Agirreren triskantza". Hain izan zen latza Gernikakoa, ezen Francoren aldeko propagandak errua gainetik kendu eta ardura beste aldekoena zela zabaldu zuen, erasoa jasan zuten horiena, hain justu. Hainbeste amorratu zuen honek Amama Anparo ezen betiko gorde zituen paperok.

S3 Ep 16Ez okertu, faxismoa da
Errege egunekoa eta gero New Yorkeko lagunen artean harridura lehenik, haserrea gero eta azkenik beldurra nabaritu ditut. Izua, bai, konturatu direlako totalitarismotik pausu bakar batera daudela. Tentazioa izan da Europan Washingtonen gertatutakoaz erdi-trufaz aritzeko, pentsatuz bezala, a ze ganora estatubatuarrena.

S3 Ep 15Gabon bakartiak
New Yorken Gabonetako zuhaitzak falta dira. Vermont aldetik etortzen dira urtero baserritarrak zuhaitzak saltzera. Kale kantoietan jartzen dira eta etxola txiki bat ere eraikitzen dute. Gau eta egun bertan egoten dira, zuhaitzak jagon eta saltzen. Etxola txikiaren barruan bazkaltzen dute eta lo ere bai. Laborariek arbolak soroetan hazten dituzte eta jaien ostean konposta egiten da.

S3 Ep 14Hitzen bat arrastoan
Ez al zuen harginak, Erromatarren garaian, “Andere” hitza irarri hilarriaren hotzean? Ez al zuen monakoak, Erdi Aroko Errioxan, “beldur” hitza ezkutatu gaztelaniazko poemaren barruan? Amenduxek euskaraz jarri zituen Iruñeko kartzelako penak. Liburuzainak Lazarragaren liburua beste baten barruan gorde zuen. Ez al zion eutsi ia bostehun urteko ilunbeari?

S3 Ep 13Esker emate eguna dela eta
Azaroaren azken ostegunean ospatzen da esker emate eguna Estatu Batuetan. Urtean duten zubi bakarra da eta hori dela eta lau eguneko zubiari “oporrak” deitzen diote. Hemen dauden pentsamendu eta sinesmen guztiekin, gurean Gabonek duten elkarretaratze zentzua Esker Emate egunak hartzen du. Gabonak gero kristauek ospatuko dituzte, Artxoaren eguna musulmanek, Hanuka juduek eta urte berri asiarra ekialde urrunekoek. Familiek biltzeko eguna, beraz, esker emate eguna da hemen.

S3 Ep 12Txapa saltzailea
Birusa ehuneko hirura iritsi dela eta itxi egin dituzte eskolak New Yorken. Jatetxe eta dendetan ere neurriak estuagoak dira. Supermerkatuan ilara luzea da berriz, kale kantoian bira egiten du. Ilaran aurrera egin eta iritsi naiz halako batean supermerkatuko espaloira. Han egoten dira saltzaileak. Afrikarrak irudiak eta otzarak saltzen, bigarren eskuko liburuak eta komikiak haien alboan, eta azkenik gizon adindu bat, hondartzako mahaitxo batekin txapak saltzen, txapa politikoak. Bozketak izan aurretik saltzen zituen Biden eta Harrisen aldeko txapak, eta orain ere bai. Ez dakit zergatik jarraitzen duen hauteskundeak pasa dira eta, beharbada ez delako fida Trump-ek Etxe Zuria utziko ote duen.

S3 Ep 11Zorion publikoa
Hannah Arendt-ek esan zuen zorion erabatekoa soilik publikoa dela, ez dela nahikoa norbera bakarrik zoriontsu izanda, zorion partekatua dela benetakoa. Bizi izan dudan zorion publikorik handiena izan zen hilaren zazpikoa. Norbera non eta zertan zebilen betiko gogoratzen den horietakoa. Larunbata zen, goizeko hamaika eta erdiak. Korrikan nenbilen parketik eta halako batean oihu handi bat zabaldu zen, orokorra, lasterkariak ikusi nituen geratzen, mugikorrei begira. “Galdu du”, esan nuen neure golkorako. Astearteaz geroztik emaitza jakin nahian zeuden hiritarrak, luze eginda, urduri, akituta. Parkea utzi eta kaleetara hurreratu nintzen. Hura eztanda, autoak bozina joaz, oinezkoak oihuka, gizon afroamerikar bat ikusi nuen ukabila altxatuta, negarrez. Gazte bat pasatu zen bizikletan pankarta bat eskuetan zuela, “Trump is over”. Bukatu da Trump. Gerra bat amaitu balitz bezala zen. Emakumeak elkar musukatzen, Black Lives Matter-eko banderak, ostadarrarenak, gazteak kantatzen eta dantzatzen, umeak eta adinekoaknere bai, gizatalde askotarikoan.

S3 Ep 10Negazionismoaren aurka
John Adams, gizona. Thomas Jefferson, gizona. Aaron Burr, gizona. George Clinton, gizona. Elbridge Gerry, gizona. Daniel D. Tompkins, gizona. John C. Calhoun, gizona. Martin Van Buren, gizona. Richard Mentor Johnson, gizona. John Tyler, gizona. George M. Dallas, gizona. Millard Fillmore, gizona. , William R. King, gizona. John C. Breckinridge, gizona. Hannibal Hamlin, gizona. Andrew Johnson, gizona. Schuyler Colfax, gizona. Henry Wilson, gizona. William A. Wheeler, gizona. Chester A. Arthur, gizona. Thomas A. Hendricks, gizona. Levi P. Morton, gizona. Adlai Stevenson.I, gizona. Garret Hobart, gizona. Theodore Roosevelt, gizona. Charles W. Fairbanks, gizona. James S. Sherman, gizona. Thomas R. Marshall, gizona. Calvin Coolidge, gizona. Charles G. Dawes, gizona. Charles Curtis, gizona. John Garner, gizona. Henry A. Wallace, gizona. Harry S. Truman, gizona. Alben W. Barkley, gizona. Richard Nixon, gizona. Lyndon B. Johnson, gizona. Hubert Humphrey, gizona. Spiro Agnew, gizona. Gerald Ford, gizona. Nelson Rockefeller, gizona. Walter Mondale, gizona. George H. W. Bush, gizona. Dan Quayle, gizona. Al Gore, gizona. Dick Cheney, gizona. Joe Biden, gizona. Mike Pence, gizona. Kamala Harris, emakumea.

S3 Ep 9Gorri
Erabat nahastuta naukate Estatu Batuetako bi alderdien koloreek. Trump-en alderdiarena gorria da, eta urdinak dira demokratak. Europara begiratuz gero, guztiz kontrakoa litzateke. Aurrerazaleek kolore gorria izango lukete eta kontserbadoreek urdina. Ez naiz ohitzen. Ingalaterran automobilez ibiltzea bezala da, gu eskumatik joaten gara eta beraiek ezkerretik. Eta han gidatuta erraza da nahastea. Berehalaxe pasatzen zara kontrako errepidera. Bada horixe gertatzen zait hemengo alderdien koloreekin.

S3 Ep 8Debatea
Seme-alabekin batera ikusi genuen debatea. Trump eta Biden-en artekoa esan nahi baita. Semeak, zortzi urte ditu, arbel txiki bat hartu du eta marratxoak egiten hasi da, presoek kartzelan igarotako urteak horman markatzen dituzten eran. Zertarako dira lerro horiek? Galdetu diot. Bada, neurtzeko batak eta besteak zer esan duten ondo.

S3 Ep 7Bularrez
Bular. “Bolhar” Zuberoan, “burar” Araban, Erronkarin “burar”,” buler” Ultzaman, eta, gainontzekoetan “bular”. Horixe aurkitu dut Orotariko Euskal Hiztegian “bular” hitza sartuta. Irudi hagitz poetikoak ere badatoz hiztegian, herria den olerkari horrek irudimenez sortuak. Horrela, “bular sagar” esaten zaio titi puntari. Eta “bular erreka” bi bularren arteko tarteari. Biak ere irudi ederrak. Bularrekoa da bularra hartzen duen haurra. Ostean datoz, “bularra eman” eta “bularra hartu”. “Bular ahizpak” dira bular beretik edan duten haurrak, “bular iraina” da bularrari darion esnea, haurra haziko eta lasaituko duena. Maitasun hori betiko geratu zaio, eta gero amak bularra edekiko du, alegia, bularra utziko.

S3 Ep 6Beste Nobela
Historia Naturalaren museoaren atzealdean bada parke txiki bat, Theodor Roosevelt parkea deritzona. Iluntzean txakurrez betetzen da, han ibiltzen dira korrikan, alde batetik bestera, jabeek solasean egiten duten bitartean. Yoga egiten duten taldeak ere hantxe biltzen dira, eta irakurle bakartiak, liburu bat eskuetan, udazken arratsaldetako argi gorriztaz gozatzen.

S3 Ep 5Ilargiraino eta bueltan
Pirritx, Porrotx eta Marimotots-i ikasi genien “ilargiraino eta bueltan maite zaitut” hura. Ia denok kantatu dugu “Maite zaitut” abestia egoera batean edo bestean, dela plazan, automobilean edo etxean. Esaldia, jatorriz, San McBratney idazleak asmatu zuen, bere Guess How Much I Love You (Ezetz asma zenbat maite zaitudan) libururako. Haurrentzako liburua 1994an moldatu zuen Anita Jeram ilustratzailearekin batera. 50 milioi aletik gora saldu ditu mundu osoan, izan ere, 57 hizkuntzatara itzuli da, tartean euskarara.

S3 Ep 4Eta bitartean, zer?
Ruth Bader Ginsburgek belarri txarra omen zen, epaile bikaina zen baina kantaria, ez hainbeste. Hala ere, maite zuen opera. Bada, ez dira garairik onenak lirikarentzat, poetak zioen bezala. New Yorkeko Metropolitan Operak erabaki du denboraldi osoa hutsean uztea eta ez du aterik zabalduko 2021eko udazkenera arte. Opera prestigiotsuaren erabakiak beste antzokietan eragina izango duela esan dute adituek, dominoaren efektua sortuz, gainontzeko antzokiek nekez irekiko dituztela ateak. Broadway-n hori gertatu da. Beraientzat ere amaitu egin da denboraldia. Egin kontu, 96.000 lagunetik gora daude lanean Broadway-n. Ez dira bakarrik dantzariak edo aktoreak, agerian dauden horiek, teknikariak ere hor daude, atzealdean beharrean, argiztatzaileak, soinulariak eta beste. Laguntzen faltan, bestelako lanak bilatzen ere bilatzen hasi dira batzuk.

S3 Ep 3I dissent
Central Park-en zeuden 23 irudietatik bat bera ere ez zen emakumezkoa. Bazeuden egon idazleak, politikariak, pentsalariak eta erregeak, eta tartean andrazkorik ez. Tira, egia esan, bazegoen bakarra, Romeo-ri besarkatuta ageri den Julieta maitemindua, baina hori ez da benetako emakumea, izen-abizenekin, fikziozko pertsonaia bat baino. Bitxia da Emily Dickinson edo Marianne Moore jaiotzen ikusi duen herrialdeak halakorik ez izatea.

S3 Ep 2Bata bestearen barruan
“Badakizue, irudi kristauen barruan idolo aurre-hispanikoak sartzen zituzten apaizek Mexikon konkista garaian. Pentsa, Ama Birjinaren barruan jainko azteka bat. Horrela, kristauek kanpokoari begira egiten zuten otoitz, eta natiboek, aldiz, azalekoa ahaztu eta sakonean zuen idoloa gogoan hartuz”. Horixe esan dit Tavo-k. Tavo da Boti kazetari euskaldunaren senarra eta beraiekin egina genuen hitzordua trajinera deritzon ontzi batean, garai bateko Tenochtitlan hiriburu zaharreko kanaletan barrena ibiltzeko.

S3 Ep 1Hamabostaldia Mexikon
Berezko dudan baikortasun, ezen ez xalotasun, honek traizionatu egiten nau batzuetan. Gaztetan maite nuen Emil Cioran-en ezkortasun beltza, baina orain, zer esango dizuet, nahiago dut Bertrand Russell-en inkonformismo bizizalea. Uste genuen abuztuaren bukaeran gauzak hobeto egongo zirela Covid-aren kontuarekin, Europa eta Estatu Batuen arteko mugak zabalduko zituztela eta ez genuela arazorik izango New Yorkera itzultzeko. Baina ez da izan horrela.

S2 Ep 45Bizitzara berriz
Gaueko bederatziak pasata alaba falta da etxean. Lagunekin geratzen da kalean, hondartzan bainatzen dira edo ibaian, marea gora baldin bada, kukainatik salto egiten. Etxean falta eta kalera joan naiz bere bila. Plazan aurkitu dut lagunekin futbolean jolasten. Berandu dela esan diot, etxera joateko sasoia dela, eta berak bueltan, “ea ba, nahiago dut plazan futbolean ibili etxean pantailetan galduta egon baino”.

S2 Ep 44Esne-hortza
Esne-hortz bat, historiaurreko esne-hortza. Horixe aurkitu zuen Jose Migel Barandiaran arkeologoak Axlorreko leizean, han Dimako mendialdean. 70eko hamarkadan jazo zen hori eta Barandiaran adindua zen ordurako. Hortza arkeologia pieza txikien kaxoian gorde zuen, bere altxor kutxa berezian, pentsaturik gulako gizaki batena zela. Eta hantxe geratu zen gordean, ahaztuta. Duela gutxi arte. Kutxako piezak aztertzean gaur egungo zientzialariak konturatu dira hortz txiki hura Neanderthal ume batena dela. Aurkikuntza garrantzitsua, inolako zalantzarik gabe.

S2 Ep 43Hegaldia
Lehen aldia da metroa hartzen duguna pandemia hasi zenetik. Penn Station-era goaz. Aireportura doan trenean ia ez doa inor. Are gutxiago JFK aireportuko tren hegalarian. Ate bakarra dago zabalik zazpigarren terminalera sartzeko. Maletak utzi ditugu. Pasaporteen kontrola. Maskara kentzeko agindu digu goardiak aurpegiak ezagutzeko. Aurrera. Tenperatura hartu digute gero. Umeari agindu diote kopetako ileak baztertzeko bestela ezin diote hartu. Ez du moztu lau hilabeteetan. Gaueko hegaldia dugu. Zalantzak izan ditugu azken egunetan, artega egon gara, hegaldiak ez ziren betetzen eta bertan behera uzten ziren asko eta asko. Badirudi hau aterako dela.

S2 Ep 42Bizarginarekin literaturaz berbetan
Literaturaz berba egin nahi badut, ez naiz joaten Columbia Unibertsitatera, ezta New Yorkekora ere ez, barberura joaten naiz. Auzoan ilea pikatzeko hara joaten gara etxeko mutilok, Amsterdam etorbideko lokal txikira. Argazkien galeria batekin partekatzen du lokala irakasleak. Irakaslea esaten diote eta bizarginari. Niri beti berak mozten dit. Izan ere ez da gauza bera nork mozten dizun ilea. Horretarako ere maniak ditugu. Ez da nola mozten dizun, hori ere bai, bada zertaz hitz egiten duen ere. Eta irakaslea beste bezero batekin lanean baldin badago, zain egoten natzaio banku txikian eserita, hark bukatu arte.

S2 Ep 41Zaldizkoa
Polizia ikusten genuen Historia Naturaleko museoaren atarian. George Floyd-en hilketaren osteko egunetan, hain zuzen. Denda batzuetan oholak zeuden jarrita, lapurreten beldur, baina museoan, zergatik? Inork ez dio museo bati eraso egingo esaten genion geure buruari. Baina eguna joan eta eguna etorri, hantxe zeuden poliziak, museoaren atarian.

S2 Ep 40Landa bideak
Asteazkenean Andrew Cuomo gobernadoreak bigarren fasera pasatzeko prest gaudela jakinarazi zigun. Ezin nuen sinestu. Luzea izan da bidea, eta nekeza. Gaineratu zuen ostiralean emango zuela azkenengo eguneroko prentsaurrekoa. Ehun eta hamaika egunez egon da Cuomo egunero coronavirus-aren berri ematen, datuak eman eta hiritarrei adorea helarazi nahian. Eguneroko prentsaurrekoa bertan behera uzteak esan nahi du beste garai batera pasa garela.

S2 Ep 39Ikasmahai zaharra
Haurrentzako ikasmahai zahar bat ikusi dugu goizean gure solairuko korridorean. Auzokoak badoaz Boston aldera bizitzera. Bikotea eta umea. Emakumea txinatarra eta gizona newyorktarra. Haurra gure txikien eskola berera zihoan. Goizero aurkitzen genituen igogailuan, eta umeek elkarrekin jolastu izan dute, etxe batean edo bestean, New Yorkeko negu hotza laburtze aldera. Etxea hustu dute eta utzi dute ikasmahai zaharra atean.

S2 Ep 38Nire Amerika
Astelehena, hilak 8. New York sartu da lehen fasean hiru hilabete eta gero. Kostata baina iritsi da eguna. Eta alkateak bertan behera utzi du George Floyd- en hilketaren ondorioz ezarri zuen etxeratze-agindua. Bi astez luzatu dira protestak. Izan ere, jendea nazka eginda dago. Zenbat afroamerikar hil diren poliziaren eskuetan, debalde. Floyd ez da lehena izan. Luzea da katea. Gainera, Covid 19-aren krisiak areagotu egin du amorrua

S2 Ep 37Zuria balitz
Central Park mundu bat da. Paisaia desberdinak daude parkean bertan. Udaberrian hegazti zaleek Rambles deitzen den tokira joateko ohitura dute. Rambles-era sartuta ematen du Urbasan barrura egiten duzula, baso batean zaude, bidezidor estuetan barrena, oinez. Txori migrariak egoten dira bertan, espezie ugari eta bitxiak.

S2 Ep 36Egunkariarekin gosaltzen
Atsegin dut egunkaria irakurtzen gosaltzea. Asteburuetarako dudan gutizia da. Egunkaria hobe paperezkoa. Kafea hartuz pasatzen ditut orrialdeak. New Yorken ere egiten dut, The New York Times-era harpidetu ginen eta larunbat eta igandetan jasotzen dugu etxean. Aste barruan digitala hobe, azkar behatzeko. Baina asteburuetan denbora geratu egin gura izaten dut, umeak lo dauden bitartean, momentutxo hori hartu, niretzat. Covid-aren krisia hasi zenetik beheko atarian uzten dute alea, eta ez gure etxeko atean lehen bezala, goizean goiz, eskailerak jaitsi eta jaso egiten dut. Kafe beroa eta orriak pasatzera.

S2 Ep 35Azken txaloak
Bart arratsean izan ei zen Euskal Herrian azken txaloaldia. Krisiaren egunik latzenetan lehen lerroan egon diren horiei eskerrak emateko eguneroko keinua. Egoera hobetuz doa, urak baretzen, baina ezin erabat lasai egon. Badugu zer ikasia, badugu zer hobetu gizarte bezala, ez dadila dena lehenera bueltatu, irakaspenik atera gabe.

S2 Ep 34La espera
Maiatzaren 15a zen itxialdia bukatzeko eguna New Yorken, baina itxura guztien arabera Cuomo gobernadoreak luzatu egingo du epea, ekainaren 6a arte. Hiria ez dago oraindik prest martxan hasteko, egia da egoerak nabarmen egin duela hobera, baina hain izugarria izan da gaitzaren erasana ezen ez den ausartzen. Gainera, azken egunotan umeak ere sartu dira hildakoen zerrenda beltzean. Derrigorrezko behargin horiek jarraituko dute lanean ezinbestean, gainontzekoak, etxetik, barruan barrukoak.

S2 Ep 33Zorion handiegia
Iratzarri egin da hiria asteburu honetan, jende andana atera da kalera, nahiz eta etxean geratzeko aholkua maiatzaren 15a arte ez den bukatzen. Eguraldiak ere lagundu du, udaberria bete betean, eguzkitsu eta hogeitik gora gradu. Halako berpiztea, bi hilabetetan zehar kalean inor gutxi gurutzatu eta gero. Autoz hustutako etorbideak ere beteago, taxi horiren bat tarteka.

S2 Ep 32Agintari hurrekoa
Newyorktarrek bi ekintza dituzte eguna banatzeko. Arratsaldeko 7etako txaloaldia da bata eta bestea Andrew Cuomo New York Estatuko gobernadorearen agerraldia. Gobernadoreek botere handia dute hemen, Estatu Batuak horixe baita, estatuen batasuna, eta nahiz eta Trump-ek bonba atomikoa botatzeko botoia izan, estatuen barneko bizitzan ezin da sartu. Presidenteak aholkatu baino ezin du egin, oso argi dago hemen botere banaketa.

S2 Ep 31Irririk ez
Hilabete darama alabak lagunekin elkartu gabe. Tarteka ordenagailuz egiten du hitz beraiekin, jolastu ere horrela egiten dute, pantailaren bitartez, aurpegiak margotzen dituzte, mozorrotu ere bai, eta beraien kontu txikiak kontatu, dena pantailekin. Lagunetako batek, esan dio ama ez dagoela etxean. Hau dena hasi zenetik ez dela agertu etxera. Ama medikua da, larrialdietan egiten du lan.

S2 Ep 30Hart islandeko hilotzak
Aste honetan mundu zabalean egin dira ezagun New Yorkeko irudi batzuk, non COVID 19aren ondorioz hildakoen gorpuak hobi komunetan sartzen zituzten. Irudiak lazgarriak ziren. Adreiluzko eraikin hondatuen artean, lubaki zabalak, pinuzko kutxa izengabeak, lurrez estaltzen. Leku hari, Hart island deritzo, East River-eko irla bat da, eta Bronx auzoa du hegal batera. Asteon, ospitaletan inork eskatu ez dituen gorpuak lurperatu dituzte han.

S2 Ep 29Arrotza
Ostiralaz geroztik aurpegia estalirik gabiltza New Yorken. Maskarekin ez, horiek hobeto ospitaletarako uztea. Jendeak zapia jartzen du bisaian, edo etxean egindako mozorro koloretakoa. Tutorialak ere zabaldu dira sarean horretarako. Sentsazioa arraroa da. Erosketak egitera zoazela ez duzu inor ezagutzen, aurpegia estalirik.

S2 Ep 28Etorkizuna
“Gura ez den edo izugarria den gizarte edo egoera”, horrela definitzen du Wikipediak distopia. Gehienetan, hitza lotzen zaio etorkizun beldurgarri bati, eta distopia horrela utopiaren kotrakoa litzateke, haren ifrentzua. Ezagunak dira George Orwell, Cormac Mccarthy edo Margartet Atwood-en narrazio distopikoak. Idazleek irudikatzen dute nahiko ez luketen gizarte bat, gaur egungoa kritikatzeko.

S2 Ep 27Minutu bakar batean
New Yorkeko kaleak hutsik daude. Atzo igandez hasi zen etxean geratzeko agindua. Dena dago zarratuta, ezinbestekoak diren lanak baino ez dira egingo. New York famako egin duten etorbide argitsuetan ez dago autorik, taxi horiak ere banaka batzuk. Lantzean behin janari banatzaileak ikusten ditut bizikletan, oinezkoren bat.