
New Yorkeko munduak
292 episodes — Page 6 of 6

S2 Ep 26Besarkada garaia
New Yorken atzetik goaz, ematen du gaitzak ekialdetik mendebaldera egiten duela, gauaren mugimendu bera errepikatuz. Txinan izan zen eztanda eta orain Europa da krisiaren erdigunea. Laster pasako da Amerikara, Estatu Batuetara. Eta jendeak badaki hemen hori.

S2 Ep 25Ipuin gertagaitza
Manchester by the sea (Masachusset) herriskako liburu-dendako jabeak esan zigun: “Umeak badituzue merezi du bertara joatea”. Plainville herriko liburudendaz ari zen. Boston eta New York bitartean dago Plainville, 8000 biztanleko herria. Garai batean oihal fabrikez betea zen baina ugazabek erabaki zuten beste nonbaitera eramatea horiek denak eta herria husten hasi zen. Plainvillen bizi da Jeff Kinney idazlea eta bertan zabaldu zuen liburu-denda 2015ean, herriaren erdian dagoen eraikin zahar batean. Etxea, XIX. mendekoa, herriko denda izan zen luzaroan, denetatik saltzen zuten bertan, baina azken urteetan itxita zegoen. Bada, idazleak “An Unlikely Story” izeneko liburu-denda jarri du bertan. “An Unlikeky Story”-k euskaraz esan nahi du, gutxi gora behera, nekez gertatzeko den kontua.

S2 Ep 24Euri eguna New Yorken
New Yorken, euria ere handia da, eskerga, baina nekez luzatzen da egun batez baino gehiago. Hori bai, egiten duenean zaparrada ikaragarria da, ordu gutxitan litro ugari egiten ditu, kaleak eta espaloiak osinez betez. Halako euri jasa izan zen aurrekoan. Banentorren janaria erosita supermerkatutik. Oinez ezin egin eta saiatu nintzen taxi bat geratzen, lau poltsa eskuetan, aterkia ez dakit non, taxia ohartarazteko besoa ezin altxatuta.

S2 Ep 23Osaba Gaizka
Pertsona batzuk uste duzu sekula hilgo ez direna, pentsatzen duzu beti hor egongo direla, urteetan aurrera egin arren, bizirik beti. Gaizka Urresti horietako bat zen. Bere azalean bizi izan zuen Euskal Herriko historiaren gordina. Umetxoa zelarik, frankistek gurasoei etxea eta ondasunak kendu zizkieten, abertzaleak izatearren.

S2 Ep 22Bernie zaharra
Bernie Sanders-ek irabazi zituen New Hampshire-ko primarioak eta Iowan ere aurretik geratu zen bozketan. Pixkanaka pixkanaka aurrera doa bere iraultza txikia. Bere ustez ezinezkoa da, Estatu Batuetan, munduko lehen ekonomia izanik, Europako antzeko osasun sare publikorik ez egotea. Mitinetan esaten duenez Estatu Batuetako biztanleen ehuneko 1ak du aberastasunaren ehuneko 20a.

S2 Ep 21Oroitzapenak nola babestu
“Behatu Central Park inguruko eraikin berriei. Hutsik daude gehienak. Munduko aberatsek erosten dituzte baina ez da inor bizi bertan”. Hori diost lagun batek parketik paseatzen. Alokairuen garestitze horrek hiria aldatu du. Jende pobrea auzoetara joaten ari da. Sasoi bateko artistak ez dute lekurik kreatzeko. Hiriak berak bultzatzen ditu kanpora. Halako hautespen natural bihozgabe bat egiten du eta dirurik ez baduzu kanpora zoaz. Hiria aberatsez betetzen ari da. Baina sormenak, espiritu kritikoak, behar du beste ingurumari bat hasteko. Eta hori ari da galtzen gaur egun New York.

S2 Ep 20Mundua salbatzeko bixkotxak
Greta Thumberg-en olatuak gogor jo du hemen, gaztetxoak oso arduratuta daude naturarekin. Bederatzi urteko alaba ekologista egin zaigu, eta barazki-jalea. Ekintzailea ere egin da. Aurreko asteburuan bixkotxak egin zituzten eta horiek saltzen egon ziren 72. kaleko metro geltokiko parketxoan. Gaileta bat, dolar bat. Dirua Australiara bidali nahi zuten, hango fauna berrizten laguntzeko.

S2 Ep 19Fernan
Fernan pertsona garbia zen. Urrutitik antzematen zitzaion pozik bazegoen, orduan munduko izaki maitagarriena zen, edo triste, astiro ibiltzen zenean, oinak lurrari itsatsita bezala. Fernando liburu irekia zen, pentsatzen zuena kontatzen zuen, bere ilusioak, bere pozak, eta baita bere kezkak ere. Harekin ez zegoen zurikeriarik. Bere lagunen laguna zen, eta bere familia maite zuen. Besterik gabe.

S2 Ep 18Dylan
–Eseri naiteke zuen mahaian? Bete betea dago kafetegia. –Eseri lasai, gizona. –Bob Dylan entzutera etorri gara, Beacon antzokira. –Nahiko nuke nik ere joan, baina ez dago sarrerarik. –Aspaldi saldu ziren. Emaztea bizkorra da horretan, sarrerak erosten. Erretiratu ginenetik gure egitekoa da Dylan-en atzetik ibiltzea, non jo berak hara joaten gara.

S2 Ep 17Mugan
Amerikako Estatu Batuetara itzultzen naizen bakoitzean gertatzen zait. Mugazainek paperak behatzen dituzte eta ohiko galderak egin, nondik zatoz, zenbat denborako, zein da zure osteraren arrazoia. Normalean, hori egin eta libre izaten duzu sarrera. Baina ni, paperak egoki izan arren, beti sartzen naute kontrolera.

S2 Ep 16Benetako Olentzero
Benetako Olentzero Amazon da New Yorken. Edo hobeto esanda, Santa Claus Amazon da. Etxera gatozen bakoitzean han ikusten ditugu kutxak eta kutxak espaloian ilaran jarrita. Banatzaileek atariaren aurrean pilatzen dituzte, ilara luzeak, etxeetan banatzeko. Benetako Olentzerok irribarre bat marraztuta duten kutxak banatzen ditu.

S2 Ep 15Durango
Gaueko hegaldia hartuta iritsi naiz Durangora. Ez dut inor euskaraz entzun Loiuko aireportuan. Lana dago egiteko oraindik, euskarak behar ditu espazioak irabazi, pentsatu dut neure bostean. Durangoko Azokara noa nerabe baten urduritasun berarekin. Hasierako garaiak hartu ditut gogoan. Ikastolatik joaten ginen lagunok, azoka merkatu zaharrean egiten zen urte haietan.

S2 Ep 14Harlem
Federico García Lorca Columbia unibertsitatean egon zen estudiatzen gerra aurrean. Bere egunerokoan idatzi zuenez, unerik atseginenak Harlemen pasatu zituen hango tabernetan jazz musika entzuten. Harlem Columbiatik gertu dago, maldaren beheko aldean. Asko aldatu da Harlem ordutik hona, eta gentrifikazioa dela eta gero eta afroamerikar gutxiago, hots, pobre gutxiago bizi da auzoan, alokairuen prezioen igoera dela eta. Hala ere, badaude oraindik Lorcaren garai hartako zaporea duten taberna ale batzuk

S2 Ep 13Esker emate eguna
1940ko 'Thanksgiving' egunean Jose Antonio Agirre lehendakaria New Yorken izan zen. Erbesteratua zegoen hemen orduan, Francorengandik ihesi. Egunerokoan kontatzen du Mari emaztearekin eta seme-alabekin batera joan zela Macy’s erostetxe handiak antolatutako desfile erraldoia ikustera. Orduan ere jendetza biltzen zen hiriaren erdialdean. Gero, Valentin Agirre euskaldunaren jatetxera joan omen ziren bazkaltzera. Baina ez zuten indioilarra jan, estatubatuarrek ohitura duten bezala, gauza ezaguna da hori esker emate egunaz ari bagara. Ez, horren ordez piper beteak bazkaldu zituzten, Errioxatik ekarritako ardo goxoaz lagunduta.

S2 Ep 12Hans Haacke
Hans Haacke 83 urteko artista kontzeptualaren atzera begiratua ikustera joan naiz New Museum-era. 33 urte zen Estatu Batuetan erakusketarik egiten ez zuela. Ikusmin handia piztu du artista aleman newyorktarraren bildumak. Museoko solairu guztiak hartzen zituen.

S2 Ep 11Bozkatzera
Bozkatzera joan gara Espainiar kontsulatura. Egun batzuk aurretik eman behar da botoa atzerrian. Igandeko zenbaketara garaiz iristeko. New York erdialdeko etxe orratz garai batean dago kontsulatua, 30. solairuan. Ilara luzea aurkitu dugu bozkatzeko, gehiena jende langilea zen, ikasleak ere bai.

S2 Ep 10Philip Roth-en liburua
Philip Rothen liburua hartu nuen eskuartean. American Pastoral. Joxan Lizarribar Berriako presidente zenak oparitu zidan, “inoiz idatzi den eleberri onenetako bat”, esanda. Nik orduan ez nuen ezagutzen Roth-en lana eta liburu hura izan zen zerrenda luzean lehena. Bitxia da ez dagoen lagun baten oparia hartzen duzunean eskuetan, nolabait denborak atzera egiten du, nolabait ematen du berarekin ari zarela berbetan, liburua eskuartean hartzen duzun bakoitzean.

S2 Ep 9Haloween
Halloween da beharbada New Yorkeko jairik bereziena. Egun polita da, egia esan. Urriaren azken egunean, arratsaldez, jendea kalera ateratzen da mozorroturik, umeak etxerik etxe dabiltza balde bat eskuan goxokiak jasotzen,” trick or treat” hura esanda. Atariak ere apainduak egoten dira horretarako, munstro, mamu eta amaraunekin. Ikusgarri atontzen dituzte batzuk, kaleak ere ixten dituzte horretarako.

S2 Ep 8Itsasargia eta kabina
Asteburu honetan “Open house” ekimena dago New Yorken. Hiriko eraikin ezagunetara sartzeko aukera izango da bi egunez. Guk badakigu nora joan. Umeek ez zuten zalantzarik. Itsasargi gorri txikira joango gara, The Little Red Lighthouse. Estatu Batuetako haur literaturako klasiko bat da izenburu bereko liburua

S2 Ep 7Iggy Pop eta Jim Jarmusch
Iggy Pop eta Jim Jarmusch batera. Musikariaren disko berria dela eta zuzeneko elkarrizketa. Kontzerturik ez du emango. Gorputza zehatuta dauka. Antzoki txiki batean da, East Side-n. Ez dago sarrerarik. Idatzi diet antolatzaileei esaten podcastak idazten ditudala eta prentsarako paserik badagoen. Erantzun didate esanez ez dagoela tokirik baina azken momentura arte ez dela jakiten. Ustekabean, lekutxo bat egin didate.

S2 Ep 6Marabilli re
Facebook-etik ikusi dugu aurten Marabilli Sormen Festibala. Aurrerabideak dakartzan abantailak, nahiz eta batzuetan nekeak ere ekarri. Ezin Ondarroan egon. Ederra da ikustea nola egin duen aurrera jaialdiak, lagun galdu bat omentzeko lagunartean sortutako ekimenak. Marabilli ez da profesionala.

S2 Ep 5Lurraren denbora
Klima-aldaketa dela eta jendetza bildu zen New Yorken pasa den astean. Astelehen eta ostiralez, hiriko kaleak manifestariek hartu zituzten egun osoz luzatzen ziren elkarretaratzeetan. Horien artean zegoen Greta Thunberg suediar gaztetxoa ere, bakarrik zihoan, afixa txiker batekin, ahotsik altxa gabe. Itsasontziz zeharkatu omen zuen Atlantikoa, hegazkinen kutsadura saihesteko. Itsasontzien mugimendu geldoa hobetsi zuen, noiz eta beti presaka bizi garen sasoi honetan. Mundura bere burua aldatzeko beste era bat.

S2 Ep 4Beste Amerika
Madison parkean kaleko zirkua dago, txotxongiloak, haurrentzako jolasak. Alaba hara eta hona dabil. Emakume bat hurbildu zaio aitari. “Zu zara aita?”. “Halaxe da, zergatik”. “Oso bizia ikusten da umea, artista arima dauka, ez zenuke nahi aktoresa izatea?”. Aitak hasieran mesfidati begiratu dio emakumeari, baina pertsona ona iruditu zaio. “Debbie naiz. Hau da nire txartela, etorri agentziara eta hitz egingo dugu. Konpromisorik gabe”. Aitak txartela sartu du poltsikoan.

S2 Ep 3Distantzia
Hasi ditut eskolak unibertsitatean. Zuzen zebilen Italo Calvino bere milurteko berrirako proposamenetan? Asmatu al zuen? Horixe izan zen lehenengo eskoletako gaia. Hurrengo batean, W.G. Sebald eta hiriko paseatzailearen literatura hartu genituen eztabaidagai. Hemen horixe egiten baita, irakurketak eta gaiak proposatu eta mintzagai izan eskolan, irakaslea gidaria izaten da beste ezer baino gehiago. Akabo garai bateko klase magistral horiek.

S2 Ep 2Parkeko kometa egilea
Larunbat arratsaldea da eta Central Parkera joan gara. Hegoaldeko larrea jendez gainezka egoten da. Egoten dira familiak umeekin, jolasten. Egoten dira lagun taldeak, mantela belazean zabaldu eta jan edanean. Jolastu egiten dute horiek ere, ez da izaten soilik etzan edo hitz aspertuan aritu. Mahai gaineko jolasekin igarotzen dute denbora. Gure txikia konturatu da kometa batekin. Oso gora egiten zuen hegan, ia ia parkearen ertzean dauden etxe orratzak baino gorenago. Gauza harrigarria, ez baitago bat ere haizerik. Hariari eragiten baina ez dago haur bat, gizon heldu bat baino. Txikia berarengana hurreratu da eta hitz egiten hasi zaio. Laster pasatu dio hariaren muturra umeari. Pozarren ikusi dut, kometa bideratzen. Kometak dragoi koloretsu baten itxura du, buztan luze distiratsu batekin.

S2 Ep 1Amets
Bartzelonan izan genuen berri Ondarroako treineruak Kontxako sailkapen estropada irabazi zuela. Bartzelonako aireportuan hain zuzen, New Yorkerako hegaldia hartzear geundela. Ondarroan arraunerako joera handia dago, aspalditik, estropadei lotutako istorioak belaunaldiz belaunaldi entzun ditugu etxean. Arraun lehia bati buruzko lehen bertso sorta ere, duela berrehun urtekoa, Ondarroa eta Lekeitioren arteko norgehiagoka bati buruzkoa da. Whatsapez bidalitako bideoetan ikusten da jendea Argoitia neba-arreben “Amets, amets egin” hura kantatzen. Mukuru betea ikusten da alde zaharra, garaipen handi bat ospatzen. Batzuentzako txikia izango da balentria baina ondarroarrentzat handia, amets egiteko aukera ematen digulako. Irabazita baino jendea pozago zegoen horrekin, ametsarekin. Oso gurea da hori. Ez al gara euskaldunok ametsarekin bizi? Ez al gara horregatik ameslari, eskuzabal eta solidarioak?

S1 Ep 16Kanpaiak eta mugikorrak
Michelle Obamak jarri zuen famako 5210 erregela, haurren osasuna bideratzekoa, hain zuzen. Erregela horren arabera, komeni da umeek egunean 5 bider jatea frutak eta barazkiak, egunean 2 orduz baino ez ikustea pantailak (telebista, ordenagailu, tablet eta mugikorrak, denak barne), ariketa fisikoa egin behar dute ordu 1ez eta edari gozatuak ez dira edan behar, hortik dator 0 hura. Nik erregela horri orduerditxo bat gehituko nioke, irakurketarena, baina orohar ez da gaizki.

S1 Ep 15Kontakizuna
Bisitaria Bilbora badoa udan, sartu ahal izango da Arte Eder Museoara, eta aurkituko du bertan Goyaren hiru margolan berriki azalduak. Antonio Adan de Yarzaren, Maria Ramona Barbachano haren emaztearen eta Antonioren ama zen Bernarda Tavira-renak dira erretratuak. Lea ibaiertzeko Zubieta jauregi ederrean egon ziren eskegiak, gerra garaian erbestera atera ziren arte. 10. zenbakia zeraman egurrezko kutxa batean sartu zituzten mihiseak eta Parisera eraman zituzten. Asmoa zuen Euskal Gobernuak Pariseko Erakusketa Unibertsalean ikusgai jartzeko, Errepublikaren Pabilioian euskal arteak izan zuen gelan. Artelanak baina, ez zituzten atera kutxatik. Eta bertan izan ziren gordean. Egun, hiru artelanak eta kutxa bera daude ikusgai Bilbon.

S1 Ep 14Itsasargi horia
Sare sozialen kontu honekin aspaldiko argazki bat etorri zait eskuartera. Eskuartera esateko modu bat da, mugikorrera beharko nuke esan hobeto. Argazkian Ondarroako itsasargia agertzen da horiz margotuta. Bai, kolore larua du itsasargiak eta berba bat ere badu idatzia letra beltzez, “Intsumisioa”, hain zuzen.

S1 Ep 13Oinezkoarena
Walter Benjaminek esan zuen hiri handien asmakizun gorenen artean dagoela oinezkoa, esan nahi baita, oinezkoaren ideia. Hots, norabiderik gabe eraikinen artean dabilen gizakiarena. Oinezkoak ez du horrela jomugarik, soilik oinez egiten du, hiriko karriketan barrena, kale kantoietan bihurgunea hartuz, ausaz. Hiririk gabe ez legoke oinezkorik Benjaminen aburuz, ezta oinezkoaren begiradarik. Eta begiratu horretatik sortu omen dira literatura lanik onenak, ibilaldi aspertu horietatik.

S1 Ep 12Saran bizi da Axular
Gauza jakina da Barandiaranek Saran hartu zuela babes gerraostean. Eta bien bitartean hango jendeari kontu zaharrak biltzen ibili zela, hori ere bai. Ez zen geldirik egotekoa ataundarra. Axularri buruz ere galdetu zien herritarrei. Estimatzen zuen idazlea Barandiaranek. Konturatu zen, Pedro Agerre Axular, euskal idazlea, tradiziozko ipuinetan agertzen zela pertsonaia gisa. Benetako bizitzako pasarteak gogoan zituzten herritarrek, baina saratarren oroimenean legendazko izaki bilakatua zen sasoi bateko erretorea. Ipuinetako batean kontatu zioten nola Axularrek estudioak ikasi zituen Salamancan eta bertan deabrua bera izan zuela irakasle, haren leizean. Axularrek itzala galdu omen zuen horrela, deabruak lapurtu zion, ikasketen ordain gisa edo. Geroztik itzalik gabe bizi izan omen zen Urdazubiko idazlea. Eta itzalik ez izatea ez zen gauza ona, hilondoan zerura joan nahi bazenuen behintzat. Horixe kontakizuna.

S1 Ep 11Hizkuntzen abizenak
Hizkuntzek izenak dituzte, baita abizenak ere. Pertsona jakin batek era batean edo bestean ikusiko du hizkuntza bat, haren eskarmentu pertsonalaren arabera. Hona zenbait adibide: New Yorketik itzuli berri, Ganten izan nintzen, Belgikan, bertan aurkezten baitzen nire bigarren nobela “Musche”, nederlanderara ekarria. Nobelako protagonistak, Robert Mussche idazleak, gerra garaian Bilbotik ihes egindako neskatila bat hartu zuen bere Ganteko etxean. Horixe da eleberrian kontatzen nuena. Zorionez, heroi txiki haren bizipenak bere hizkuntzan jarri dituzte orain.

S1 Ep 10Hartzak New Jerseyn
Ikasturte amaieraren karietara, erabaki dute gurasoek asteburu pasa joatea eskolako familiak. New Jersey-ko parte natural batera. Guk autorik eta camping dendarik ez dugunez esana genuen ez ginela joango baina azken egunotan areagotuz joan da haurren presioa. “Mundu guztia doa eta gu etxean”. Umeen kexuei eutsi ezinik, halako batean sartu naiz sarera eta erosi dut merkatuko camping dendarik merkeena. Ehun dolarretan denda eta bi ohe puzgarri. Ez dago gaizki. A ze pagotsa. Autoa alokatu eta abiatu gara New Jersey-ra atubideetan barrena. Estatu Batuetan autoa gidatzea aski erraza da, ez da martxa aldatu behar, pedalak zanpatu eta aurrera, barraketako autotxokeetan bezala.

S1 Ep 9Eskolako azken eguna
Azken eguna da New Yorkeko PS 87 eskola publikoan eta gurasoak patioan daude haurrak jaso zain. Maila bakoitzak patioko lurrean letra bat du margotua eta letra haren gainean egon behar dute esperoan. Gela bakoitza patioko bazter batean. Atera orduko, gurasoak haurrak saritzen hasi dira, opari txikiak, etxean egindako diplomatxoak, besarkadak. Gauza handia da ikasturtea bukatzea, lan eskerga egin dute haurrek eta badakite hori baloratzen gurasoek. Guretzat, New Yorken igarotako urtean ezustekorik onena eskola izan da. Jauzi handia dago irakasteko eran, han eta hemen. Formei dagokionez eta edukiari. Ordutegia trinkoa da, umeek gosaria eta bazkaria eskolan jaten dute, debalde. Horrela bermatzen da haurrek behintzat egunean birritan jatea, gero etxean afalduko ez balute ere.

S1 Ep 8Lucciola, lucciola
Ilunabarra New Yorken gorrizta izaten da ekainean, eta hiriko eraikin luzeak laranja kolorez margotzen ditu une batez. Kaleak zuzenak direnez, urrunetik ikusi ahal da eguzkia sartzen. Hudson River ibaiaren atzealdean ezkutatzen da, New Jersey-n. Egunez bero egiten du, sargori, baina iluntzean goxatu egiten du eguratsak eta une atsegina izaten da paseorako. Ibai ertzera joan gara ilunbista ikustera. Manhattan goitik behera zeharkatzen duen autobidearen azpitik igarota. Etxera bueltan gentozela, hantxe, autopistaren bazterrean, zerbait magikoa gertatu zaigu. Zelaitxo bat ipurtargiz beteta zegoen, dirdira egiten zuten, txandaka, bata besteari erantzunez edo, ohi duten moduan. Argitxoek olatuak sortzen zituzten, antzinako sinfonia bati jarraituz bezala. Nola izan liteke zortzi milioi biztanleko ziutate batean hainbeste ipurtargi egotea, autobideko autoen zaratari jaramonik egin gabe? Halako gauzak ditu hiri honek. Gogorra da, latza, baina opari ederrak ematen ere badaki, gutxien espero duzunean.

S1 Ep 7Stonewall 50 urte eta gero
Stonewall gayak onartzen zituen taberna bakarretakoa zen New Yorken. Village auzoan, ukuilu batean moldatu zuen taberna mafia italiarrak (mafiako nagusi baten semea trans batekin omen zegoen maiteminduta). Polizia txitean potean sartzen zen tabernara eta jendea atxilotzen. Baina 1969ko ekainaren 28an gauzak aldatzen hasi ziren. Tabernan zeuden gay, lesbiana eta transsexualak, nazkatuta, altxatu egin ziren. Geroztik dena aldatu zen.

S1 Ep 6Munduko etxerik garestiena
Munduko etxerik garestiena saldu da New Yorken. Central Park-aren hegoaldeko ertzean, lau solairuko pisu batek 238 milioi balio izan ditu. Oso garesti dira etxeak hemen, eta normalean txikerrak eta zaharkituak izaten dira. Etxeen garestitze hau ez da soilik Manhattan-era mugatzen, hots, erdialdera, auzoetara ere iritsi da, Harlem edo Brooklyn aldera esate baterako.

S1 Ep 5Bi-bietara
New Yorken dohainetako bat da filmetako pertsonaiak bizitza errealean ezagutzen dituzula. Jose Tasende eta Milton Sterow-ekin geratu gara bazkaltzeko. Edadetuak dira biak baina ez erretiratuak, hemen ez da inor erretiratzen, are gutxiago sormen munduan. Josek sekulako bizitasuna dauka, begiekin egiten du berba. 40 urte bete berri ditu La Joya-n duen galeriak.

S1 Ep 4Nor da Simone Biles?
ortzi urteko alabak emakumezko bat hautatu behar zuen eskolako lan bat egiteko. Andrazkoaren bizitza eta pentsamendua azaldu behar zituen lanak. Good Night Stories for Rebel Girls (lotarako ipuinak neskato bihurrientzat) izeneko liburuan bazeuden adibideak.

S1 Ep 3Iledun igelak
Sarrera bat lortu nuen El silencio de otros (Besteen isiltasuna) Almudena Carracedoren dokumentala ikusteko. Francoren biktimei buruzkoa da. Village auzoko Film Forum-en botatzen zuten. Mukuru betea zegoen aretoa. Bikote heldu baten ondoan esertzea egokitu zitzaidan. Espainiarrak ziren, diplomatikoak.

S1 Ep 2Bakarrizketan
Etxetik metroa hartzera noala, 79 kaleko geltokian, goizero ikusten dut gizon bat. Broadway etorbideko bi norabideen arteko irlan egoten da, zebra-bidearen erdian, bere bostean berbetan. Etxerik gabekoa da, homeless-a. Keinuak egiten ditu, garrasika ere hasten da batzuetan, baina ez da inorekin sartzen.

S1 Ep 1Igerian
Igerilekuan nago umeekin. Igerileku publikoak gutxi dira New Yorken negu partean igerian egin nahi izanez gero. Udan bai, udan doako putzu ugari dago, egurats zabalean, parkeetan eta auzoetan nonahi. Baina udako igerilekuek neguan beste betebehar bat izaten dute, izotz-pista bilakatzen dira.