PLAY PODCASTS
New Yorkeko munduak

New Yorkeko munduak

292 episodes — Page 4 of 6

S4 Ep 1Inflazioa jende errealean

Nabari izan dugu prezioen igoera New Yorkera itzultzean. Janaria, kafea, kaleko gailetak, dena igo da eguneroko bizimoduan. Eta horrekin batera, hiriaren itxura bera aldatzen hasi da. Alokairuek nabarmen egin dute gora. Eta lokalak ixten hasi, ezari ezarian, kaleak aldatuz. Duela urte askotako negozioek ezin izan diote eutsi inflazioaren oldarrari, batzuk zarratu eta berriak zabaltzen dituzte, gero eta bizkorrago ixteko. Europaren aldean, ohartu gara, abiada bizian mugitzen da dena hemen.

Sep 5, 20222 min

S3 Ep 37Orain ezin da

Semearen urtebetetze festa egin genuen eskolako patioan. Koloretako globoak, goxoak eta euskal jokoak. Puxika hankara lotu eta elkar harrapatzen, artoa biltzen, eta soka-saltoan. Gurasoetako batek esan zigun, “merkea izan da, egia esan, umeek gutxi behar dute pozik egoteko”.

Jun 27, 20223 min

S3 Ep 38Bestelako jai egunak

Ekainaren hemeretzia jai da Estatu Batuetan. Ez da luzarotik datorren ohitura, 2020an bertan ezarri baitzuen Biden presidenteak, Juneteenth National Independence Day, izenarekin, nahiz eta jendeak Juneteenth deitzen dion, June (ekaina) eta nineteenth (hemeretzigarrena) hitz berean bilduz. Texasen esklabutza bukatu zen eguna hartzen da gogoan, Estatu Batuetako lehen estatua hori egiten, 1865eko ekainaren 19an. Afroamerikarrek geroztik ospatzen dute haien eskubideen aldarrikapen gisa, eta zenbait estatutan ere besta izan da, duela bi urte jaiegun federala bilakatu zen arte, ehun eta hirurogeitabost urte beranduago.

Jun 20, 20223 min

S3 Ep 37Hiru hartz

Kapitolioaren asaltoko testigantzak hasi dira. Eta orduan ikusi ez ziren irudiak azaltzen. Nonbait irudi asko ezkutatu egin zituzten, larriegiak zirelako, eta hiritarren arteko borrokak ekiditeko. Hesiari eusten ari zen emakumezko polizia batek kontatu du nola laban egiten zuen odol putzuetan. Indarkeria handia zen. Bazekiten Kapitolioa inguratzen zuen hesia eroriko zela, ezinezkoa zen eustea, oso guardia gutxi zeuden. Asaltoa atzeratzea zen kontua, denbora irabaztea, eraikin barruan zeuden pertsonek ihes egin zezaten. Erasotzaileek hartzen kontrako spraya, bai hartzen kontrakoa, erabili omen zuten bidea zabaltzeko. Jakin gabe hartz handia Etxe Zurian zegoela. Gero eta argiago baitago haren zerikusia gertatu zen guztian.

Jun 13, 20223 min

S3 Ep 36Liburu azokako perlak

Madrileko liburu azokara liburuak sinatzera joan bai, baina Durangokotik legez, zaku bete libururekin itzultzen naiz etxera. Klasikoen itzulpen berriek deitu didate arreta aurten, Odisea ala Genesiaren liburuaren itzulpenek. Azken hau, laiko batek egindako lehen itzulpena, gaur eguneko hizkeran. Liburua berriz itzultzean, jatorrizko iturrietara zuzenean joatean, deskubrimenduak egiten dira.

Jun 6, 20223 min

S3 Ep 35Lore-bilatzaileak

Hegaztiak edo mitxeletak jarraitzen dituzten horiek bezala, New Yorken loreak bilatzen dituzten zaleak daude. Ez naiz mendigoizaleez ari, parkeetan ibiltzen direnei buruz ari naiz. Central Parken, Riversiden, Bronx eta Brooklyngo belardietan, udaberriarekin atera berri diren lore bitxiak aurkitu eta apuntatzen dituzte, eta bata besterekin partekatu ere bai informazioa, sarean. Azaleak, jazintoak, ereinotza, denetarik. Ikusgarriena, sasoi honetan, tulipana da, kolore guztietan lehertzen baitira, bazter guztietan.

May 30, 20223 min

S3 Ep 34Hauteskunde txikiak

Eskolako delegatua hautatu behar dute New Yorkeko bigarren hezkuntzako eskola publikoan. Ane hauteskundeetara aurkeztu da. Ez da hautagai bakarra. Nahiz eta 11 urte izan, ikasleak animatu egiten dira hemen eskolako kontuetan parte hartzera. Gurasoek ere bultzatu egiten dituzte, izan ere, espedientean, notez gain, gisa horretako kontuak ere jasotzen dira. Ez da soilik ikasle ona izatea, komunitatearentzat lan egitea ere estimatzen da, parte-hartzailea izatea.

May 23, 20223 min

S3 Ep 33Historiak atzera

Abortatzeko eskubidearen aldeko mobilizazioak gero eta gehiago dira Estatu Batuetan. Gorena eskubidea babesten duen legea bertan behera uzteko erabakia hartzeko zorian dagoela esaten da, hori dio behintzat filtratu den informazioak. Horrela gertatuz gero, hirurogeita hamar urte atzera egingo genuke, eta abortatzeko eskubidea estatuen esku geratuko litzateke, ez luke babes federala izango. Protesta hasi baino besterik ez da egin, eta ematen du asko haziko dela, azaroan dauden parlamentuko hauteskundeak baldintzatzeraino.

May 16, 20223 min

S3 Ep 32Saiden liburutegia

Columbia Unibertsitateko Butler liburutegi erraldoian badaude bazter ezkutuak. Hogeita lau orduz dago zabalik, eta esaten dute erraza dela hango geletan zehar galtzea, irakurtzen, besaulkietan eserita, solasean ala maitasun enkontru debekatuetan. Badago bazter berezi bat seigarren solairuan. Nire gogokoena da. Hantxe dago literatura konbaratua maite dutenen atala. Eta gela txiki batean, Edward W. Said pentsalari palestinarraren liburuekin osatutako gela. Ganbara hartan, Saiden liburutegiko aleak daude jarrita apalategietan. Norberak jakin lezake ze liburu gorde zituen, zein zituen maiteen. Jakina, liburuak ordenatuta daude, baina ez dago jakiterik hori Butler liburutegiko langileek egin duten ala horrelaxe zuen atondua berak ere.

May 9, 20223 min

S3 Ep 31Estudianteen zorra

Ramadanaren bukaera eguna dela eta, gaur jai dute umeek eskolan. New Yorkeko eskola egutegian erlijio guztiak hartzen dituzte kontuan, eta badaude jai kristauak baina baita ere judu edo musulmanenak. Ekialde urruneko urte berri eguna ere ospatzen da, eta 1492tik aurrera konkistatutako herriena, urriaren 12an. Martin Luther King-en eguna ere bada, afroamerikarrei keinu eginez. Gizatalde bakoitzak du gutxi gora behera haren eguna.

May 2, 20223 min

S4 Ep 31Desira maletategi barruan

Tennessee aldean dagoen Sewanee izeneko unibertsitatera gonbidatu ninduen David Colbert irakasleak. Bertan dago Tennessee Williams antzezlan idazlearen ondarearen zati bat, eta hura ikusteko aukera izan nuen. Paper gehienak, egia esan, Harvarden daude. Tennessek haiei eman zien artxibategiko zati handiena.

Apr 25, 20223 min

S4 Ep 30Pantailarik gabe

Auzoan zabaldu berri duten kafetegira joan gara semea eta biok etxeko lanak egitera. Semeari gustatzen zaio ordenagailua zabaldu eta hantxe egitea lanak, “nagusien modura”. Kafetegi berria frantziar estilokoa da, antzinako itxurako mahaiekin, loreekin eta, atsegina. Ordenagailu eramangarria atera dugu eskolako lanei ekiteko. Halako batean, zerbitzaria hurreratu zaigu esanez kafetegia ordenagailurik gabeko gunea dela. Eta mahaiko lore-sortan eskegia zegoen txartelari begiratzeko galdegin digu. “Leku hau ordenagailuetatik libre dagoen tokia da. Nahi baduzu liburu bat zabaldu eta egon zaitezke luzaroan hura irakurtzen, ala hitz aspertuan lagunekin, baina mesedez hemen ez teklatu”. Horixe zioen txartelak. Beraz, lotsatuta, ordenagailua itxi eta motxilan sartu dugu, eta txartelak zioen bezala berbetan aritu, kafesneaz, txokolateaz eta opilez gozatuz.

Apr 11, 20223 min

S4 Ep 29Korrika beharra

Inorena ez izatea. Askatasunaren definizioetako bat izango da. Pertsonak eta gauzak inorenak ez direnak. Ahozkotasunaren altxorrak ere ez dira inorenak. Behin norbaitek sortuko zituen eta gero ahoz aho pasatu dira, belaunaldiz belaunaldi, eta galtzen duten lehen gauza egilearen izena da. Ipuin bat kontatzen dugunean moldatu egiten dugu, kantatzen dugunean ez dugu buruan kantaria. Kanta gurea bilakatzen da.

Apr 4, 20223 min

S4 Ep 28Saharako egunak

Saharak horixe esan nahi du, basamortua. Saharako basamortua esaten dugunean hitz bera ari gara errepikatzen bi aldiz. Saharako kanpamenduetan igarotako egunak etorri zaizkit gogora hango berri izan dudanean, nola joan ginen bertara duela urte batzuk Mikel Urdangarin, Mikel Valverde, Arkaitz Basterra, Rada Rueda, David Berri Txarrak eta Gasteizko hainbat lagun.

Mar 28, 20223 min

S4 Ep 27Lincoln Centerreko garabiak

Steven Spielbergen West Side Story berrituan, New Yorkeko West Side edo mendebaldeak jasan zuen gentifrikazioa aipatzen da, nola Puerto Rico aldeko etorkinak bizi ziren etxeak eraitsi eta eraiki zituzten berriak, tartean Lincoln Center izeneko gunea. Hantxe daude aurrez aurre Met opera, New Yorkeko balletaren egoitza eta Orkestra Filarmonikoa. Harantzago, Julliard musika eskola entzutetsua dago, eta Alice Tull zinema aretoa non zine jaialdia antolatzen duten.

Mar 21, 20223 min

S4 Ep 26Txapela

New Yorken txapela jazten da. Norbait txapela buruan ikusi nuen lehen aldian dudan egon nintzen harengana joan eta galdetzeko euskalduna ote zen, ze herritakoa. Dena den, denborak aurrera egin ahala, ohartu nintzen gero eta jende zebilela txapelarekin. Boneta beltzak ziren gehienak, baina bazeuden urdinak, grisak edo gorriak. Horrela pentsatu nuen txapela eraman eramaten zutela bai, baina ez zirela izango denak euskaldunak.

Mar 14, 20223 min

S4 Ep 25Parkeko banku batean

Martxoaren 8a hortxe dago eta, New Yorken brontzezko irudia duen emakume bakanetako baten eskultura ikustera joan naiz. Eleanor Roosevelten irudia Riverside parkearen mutur batean dago, mendebaldeko 72. Kalean. Belarrezko biribil baten barruan dago kokatua, zuhaitzen azpian, katamixar jostariekin lekua partekatzen.

Mar 7, 20223 min

S4 Ep 24Txanpona

Zentimo bakarra balio dute penny-ek. Hori da Estatu Batuetan txanponik txikiena. Kobrezkoa izan ohi da. Aurkian, Abraham Lincoln presidentearen profila ikusten da, eta ifrentzuan txanponaren balioa adierazten duten bi hitzak: “one cent”. Hala ere, badira gehiago balio duten pennyak. Bildumagileen artean, badago bat preziatua, 1946koa, hain zuzen. Aurkian Abraham Lincoln du eta ifrentzuan galburu biren irudia. “Lincoln Wheat Penny” deitzen zaie horrexegatik.

Feb 28, 20223 min

S4 Ep 23Nor zen Denton Fowler?

New York adreiluz egina dago: lantegiak, townhouse-ak, eraikin luzeak, denak adreiluzkoak. Etxe batzuk zutik diraute eta besteak deseginak. Haien aztarnak aurkitzen dira batzuetan. Semearekin Hudson ibaian gora bizikletan nindoala, geldialdia egin genuen ibaiaren ertzeko hondartza txiki batean. Txakur bat zebilen han jolasean eta semea hari hurbildu zitzaion. Harekin jolastu, eta txakurra eta jabea joan zirenean beste gauza baten jarri zuen arreta umeak. “Aita, adreiluzko horma zati bat aurkitu dut.” Eta halaxe zen, eraikin zahar baten horma zati bat zegoen hondartzan, urak ekarria. “Eramango al dugu etxera?” Esan zidan.

Feb 21, 20223 min

S4 Ep 22Times Squareko argietan

Baraxil Bengoa Guenetxea, Brooklynen bizi den arrasatearrari, eskakizun bat egin zioten lanean. Enpresak erabaki zuen New Yorkeko burtsan sartzea eta horretarako beharrezkoa omen zen enpresa ezagun bihurtzea. Gauzak horrela, enpresaren irudiaren ardura duen taldeak ideia bat izan zuen: zer hobeagoa enpresa ezagutarazteko langileen argazkiak Times Square-ko pantaila erraldoietan jartzea baino.

Feb 14, 20223 min

S4 Ep 21Metroan

Joan den hilaren 15ean, berrogei urteko emakume bat hil zuten metroan, Times Squareko geltoki jendetsuan. Buruko gaitza zuen gizonezko batek bultzatu zuen trenbidera eta bertan hil zen trenak harrapatuta. Gertaerak kezka handia sortu zuen hiritarren artean. Alta, ez zen estreinako aldia, trenera botatako pertsonen kopurua ehuneko berrogeita hamarrean igo da pandemia hasiz geroztik. Metroa da New Yorken ibiltzeko modurik bizkor eta merkeena eta langileek hura behar dute hiri barruan mugitzeko. Metroa, halaber, etxerik ez duen jendearen gordelekua ere bada.

Feb 7, 20224 min

S4 Ep 20Zeramikariaren eskua

New Yorkeko negu hotza laburtzeko umeek eskolaz kanpoko ikastaroak izaten dituzte. Matematika ematen duten errusiarren akademia ezaguna da, musika etxeetan ematen da batez ere, eta dantza, artea, idazketa denbora-pasagarri maiteak dira elur garaietan. Nire eskolaz kanpoko ikastaro bakarra txikitan zeramika izan zen.

Jan 31, 20225 min

S4 Ep 19Soilik amets egin nahi nuen

Soilik amets egin nahi nuen, ez besterik. Solik amets egin nahi nuen: euskaraz idatzi, munduari izenak euskaraz jarri. eta bide batez, mundu hobe bat saiatu uzten ondorengoei, landare, animalia, jende eta hizkuntzez anitza. Oi, baina bidea luzea egiten zait egun batzuetan, gogoa ilundu egiten zait, bista lausotu. Atzera begira daudenak asko dira, ezer aldatu nahi ez dutenak, pribilegioei eutsi nahi dietenak. Asko dira eta asko dute, dirua, boterea, oldarra. Sapaira begira eta gaubeilan, neure buruari esaten diot, ez gaituztela geldiaraziko, denbora kontua dela bidezko mundua erdiestea.

Jan 24, 20223 min

S4 Ep 18Nora eta liburua

Hegaldia hartzeko orduan, Norak kontrolerantz egin du. Motxilatik tableta, ordenagailua eta mugikorra ateratzeko eskatu diote eta aparteko bandeja batean jartzeko. Mugikorra utzi du, baina besterik ez. “Ez al duzu ordenagailurik?” galdetu dio kontrolean zegoen zaindariak. “Ez, ez dut”. “Eta tabletarik? Mundu guztiak dauka tableta bat. Badakizu, horiek zorrotik ateratzea komeni da eskanerretik pasa baino lehen”. “Ez, ez dut tabletarik”, esan dio Norak. “Liburu bat dut, baina hori ez dut atera behar ezta?”. “Liburu bat?”, aztoratu da zaindaria. “Orain ia inork ez du libururik eramaten hegazkinera eta”.

Jan 17, 20222 min

S4 Ep 17Itsasoak urak handi

Podcast hau entzuten duzunerako, laguna, Atlantikoa zeharkatzen egongo gara, New Yorkera bueltan, Euskal Herrian hilabete luze egon eta gero. Nahiz eta pandemiagatik gorabeheratsuak, ederrak izan dira egunok, elkar lagunekin egotea, irakurleekin, etxekoekin, baiki, ederra izan da. Maitasuna jaso dut, esan behar dut hau, eta aurrera egiteko adorea.

Jan 10, 20222 min

S4 Ep 16Taberna onen laudamena

Euskal Herriko taberna zuloen gida, horixe Mikel Urdangarinek eta biok unibertsitate garaian idatzi nahi izan genuen liburuaren izenburu bitxia. Asmoa zen Euskal Herriko tabernetan biltzen zen jendearen istorioak eta profilak bildu eta gida ero bat idaztea. Alvaro Cunqueiro edo Joseph Mitchellen kroniken bidetik. Ideia, nola ez, taberna batean izan genuen, Gasteizko Boden, hain zuzen ere.

Dec 20, 20213 min

S4 Ep 15Kutsatuta

Aste honetako podcasta New Yorketik egin behar nuen. Baina ezin izan dut hara bidaiatu. Estatu Batuetan bi Pfizer txerto hartuak nituen apirilean, eta Durangoko Azokara liburu berria aurkeztera etorri eta hemen gaixotu naiz Covidaz. Batek daki non harrapatu nuen, aireportuan, Frankfurteko geldialdian, Ondarroan, Bilbon, Durangon bertan… hobeto horri buelta gehiegirik ez ematea. Kontua da kutsatu egin nintzela. Apiriletik hona hilabete gehiegi izango dira agian txertoen eraginkortasunari eusteko.

Dec 13, 20213 min

S4 Ep 14Erdu Durangoara

Trumoi tximistekin esnatu ginen atzo igandez, euria zarra zarra, ez zen giro Durangora joateko. Horrelaxe joan zen eguna, saretzen zuen zerua zertxobait tarteka, baina berehalaxe mazitzen zen berriz, biltzen ziren hodei ilunak, erauntsia iragarriz. Zerua urdinetik grisera igaro den bezala, halaxe mudatu da Azokaren egoera azken hilabeteotan, itxaropenetik kezkara pasatu gara.

Dec 6, 20213 min

S4 Ep 13Mount Vernon

Eskerrak emateko egunaren zubia dela eta, asteburua Washington hiriburu inguruan pasatzea erabaki genuen. Handik hurre dago, Mount Vernon, Washington presidentea bizi izan zen etxea. Virginiako etxalde hura leku ikusgarrian dago eraikia, muino batean, nondik Potomac ibai erraldoia ikusten den, eta atzean, baso amaiezinak. Eraikina ikusteko gela batetik bestera igarotzen zara, eta gida desberdin bat egoten da zain gela bakoitzean, horrela atseginagoa egiten delarik bisitaldia. Lehenengo gidak azaldu digu hirurehun esklabu egon zirela han lanean presidentea bizi zen garaian. “Hasieran esklabuak aipatu ere ez ziren egiten, gero datu deseroso bat bezala hartzen zen hura, eta orain, etxe honetan bizi izan ziren guztien istorioa kontatzen saiatzen gara, argi eta garbi”.

Nov 29, 20213 min

S4 Ep 12Igogailua

Semeak larunbat gaua pasatu behar zuen lagun baten etxean. Pozik zegoen, aspaldi zen etxetik kanpo gaurik igarotzen ez zuela, pandemia aurretik akaso. Lo-zakua motxilan sartuta, lagunaren egongelan jarri behar zuten kanping dendan lo egitera eraman nuen. Laguntxoa eraikin altu batean bizi da, hogeita hamalaugarren solairuan, hain zuzen. Igogailua atea ixtera zihoala harrapatu genuen, doi-doia. “Primeran, garaiz iritsiko gara”, pentsatu genuen.

Nov 22, 20214 min

S4 Ep 11Olentzero aurreratua

Halloweeneko apaingarriak kendu orduko hasten dira jartzen hemen Gabonetakoak, hasi dira argiak kokatzen, denda eta kafetegietan kolore berde eta gorriak dira nagusi, eta oinezkoren bati ere, ikusten zaio tarteka, kapela gorri edo elur-oreinen marrazkidun jertse itsusiren bat.

Nov 15, 20213 min

S4 Ep 10Txoriak falta

Lagun batek kontatu zidan ostiralean. Ez dakizu zer ikusi dudan kalean. Su-hiltzaileen kamioi bat. Eskailera luzea zabaldu dute zuhaitz baten puntara. Jendea behetik argazkiak ateratzen ari zen, mugikorrekin bideoak grabatzen. Animalia bat izango da, esaten zuten. Katu bat beharbada. Baina ez, txori bat zen. Txori bat zuhaitzean?, galdetu nion lagunari. Ez da gauza arraroa. Eta hura salbatzen ari ziren su-hiltzaileak? Halaxe da, esan zidan. Hau New York da, adiskidea, edozer gauza da posible hemen.

Nov 8, 20213 min

S4 Ep 9Bizitza lehen zen bezala

New Yorken dendak eta jatetxeak berehalaxe aldatzen dituzte eskuz. Negozio bat itxi eta beste bat zabaltzen dute lokal berean, di-da batean, konturatu ere egin gabe. Lehen burdindegia zena orain kafetegia da. Negozioak ez badu saltzen zarratu egiten da gupidagabe, alokairuen prezioak ez baitu bihotzik.

Nov 1, 20213 min

S4 Ep 8Lan berri baten bila

Halloween edo gau beltza izango da datorren asteburuan. New Yorken mozorrotzeko eguna huraxe da, ez baita inauteririk ospatzen. Kontua da, ume askok mozorrorik gabe geratzeko arriskua duela, etxera paketea garaiz iritsiko ez zaielako. Arazoa garraioan omen dago, ondasunen garraioaren geldotasunean.

Oct 25, 20212 min

S4 Ep 7Gasteizko lagun bat

Gasteizko lagun bat aurkitu nuen unibertsitatera bidean, ehungarren kale inguruan. Duela hogei bat urte bizi da hemen eta tarteka geratzen gara kafe bat hartzeko. Broadway aldean kafetegi on bat zegoela esan zidan, Silver moon, etxean egindako opilak dituztela bertan eta kafe goxoa.

Oct 18, 20213 min

S4 Ep 6Eta trena badoa aurrera

Metroan sartu naiz. Eseri egin naiz, albokoarekin aulki bateko tartea utzita. Neska bat da, kiroleko poltsa batekin. Hurrengo geltokian gizon talde bat sartu da. Dotore doaz. Jezarrita nagoenez, behetik gora begiratu ditut. Zapata lustratu berriak. Ongi plantxatutako galtzak. Jaka, eta buruan kapela. Zeintzuk izango diren galdetu diot neure buruari. Jakaren besaburuan ezkutu bat dute. New Yorkeko su-hiltzaileak. Zutik doaz, trenaren erdialdean, aulkirik ez dagoen lekuan. Biribilean, solasaldian daude. Ematen du ospakizun batera doazela.

Oct 11, 20212 min

S4 Ep 5Aintzirako urei begira

Iraila eta maiatza dira New Yorken hilabeterik gozoenak. Maiatzetik aurrera, ekaina eder da, baina sargori egiten ere hasten da. Irailaz gero, berriz, hotzak hasten dira, eta urriko hostoen larutzea eta gorritzea ikusgarri izanik ere, behin urria amaituta eguna laburtu egiten da eta tenperaturak zeharo jaitsi. Orduan, jendeak barrunbeetarako ohitura hartzen du, lagunekin geratu, afaldu edo, bakar bakarrik, liburu bat irakurtzeko.

Oct 4, 20213 min

S4 Ep 4Zalduneria mugan

Biden presidenteak deitoratu berri du Texas eta Mexiko bitarteko mugan oraindik orain jazotakoa, non goardiak zaldi gainean ibili diren, lauhazka, errefuxiatuak harrapatzen. Haitiko goseak eta ezegonkortasunak bultzatuta Estatu Batuetan sartu nahi zutenak, hain zuzen. Karibeko jendea zaldiekin ehizatze horrek esklabutzako garairik latzenak gogora ekarri ditu Estatu Batuetan, eta askori eta askori jasangaitzak egin zaizkie irudiok. Kontuaren larritasunaz ohartuta, presidenteak salatu egin du goardien jokaera eta zigorrak agindu ditu horretan ibili zirenei. Gainera, esan du Haititik zetorren giza-olde horretako batzuk, milaka pertsona, dagoeneko Estatu Batuetan daudela, eta bizitzen geratzeko paperak bideratu dituztela.

Sep 27, 20212 min

S4 Ep 3Teloiak gora!

2020 martxoaz geroztik ez da egon arte eszenikorik New Yorken. Irail honetan hasi dira. Hadestown musikala ikusteko aukera izan dut asteon. Badaude musikal ezagunak, urtez urte programatzen direnak, The Lion King, Cats, Operako mamua eta beste. Eta gero badaude generoa berritu ikusi nahi duten horiek, eta horietan aipagai dira Hamilton eta Hadestown. Hamilton-ek ezagun egin zuen haren sortzailea, Lin-Manuel Miranda. Azken urteotako musikalik esanguratsuena da, dudarik gabe. Alexander Hamilton politikari estatubatuarraren bizitza kontatzen du, baina desberdin, migrari baten ikuspegitik eta rap musikaz.

Sep 20, 20213 min

S4 Ep 2Larunbata hamaika

Irailaren hamaikagarrena larunbata suertatu da aurten, dorre bikien erasotik hogei urtera. New Yorken, ostiral gauez etxetik ikusten genituen argizko dorre biki luzeak, hodeietan galtzen zirenak. Garai bateko zero orubetik zetorren argia. Gainontzeko etxe-orratzek, Empire State zaharrak eta berriagoek Estatu Batuetako banderaren koloreen argiak zituzten.

Sep 13, 20212 min

S4 Ep 1Back in New York

Aldatua aurkitu dugu hiria ekainean joan ginenetik. Kaleak jendez beteta daude, pandemia aurretik bezala ia, eta hori mundu osoko turistak falta direla. Unibertsitateetara ikasleak bueltatu dira, eta hortxe ikusten dira aldraz aldra, pozik, bizitza berri bati hasiera ematen. Broadway-n antzerkia ikusgai da eta Harlem-eko behebarruetan, berriz, betiko jazza. Dendetan eta tabernetan sartu ahal zara maskararik gabe, txertatua izanez gero hori bai, eta negozioetan txartelak daude esanez beharginak behar dituztela lanerako.

Sep 6, 20212 min

S3 Ep 40Iraila arte lagunak

Hau izango da uda aurretik egiten dudan azken podcasta. Irailean ekingo diot berriz, gogotsu, baina orain atseden hartzeko garaia da. Maitasun askearen aldarria egiten den egunetik aurrera, ekainaren 28tik, Euskal Herrian izango gara uda osoan, ostean New Yorkera bueltatzeko. Urtebete Euskal Herrira joan gabe. Luze joan da, nekez. Saiatu ginen Gabonetan ostera egiten, baina ezinezkoa zen, gaitza gogor ari zen joka, eta mugak itxiak. New Yorken igaro genituen “neguko oporrak” eta urte berria hasi ere, han. Ezari ezarian, ilunbea argituz joan da. Urteak aldaketak ekarri zituen. Trump-ek galdu egin zituen hauteskundeak, txertaketa oso bizkor zabaldu zen, eta Floyd hildako polizia epaitu zuten. Gutxika gutxika, baikortasuna zabaltzen hasi da jendartean, lanerako aukera berriak daude, berriz zerotik hasteko gogoa.

Jun 28, 20212 min

S3 Ep 39Alkate berria

Alkatetzarako hauteskundeak izango dira, bihar, asteartearekin, New Yorken. Tira, zehatzagoak izateko, ez dira alkatetzarako hauteskundeak Alderdi Demokratako hautagaia aukeratzeko baino. Dena den, ikusita demokratek New Yorken duten indarra, bihar irabazten duenak erraz izango du alkatetza lortzea. Horregatik mundu guztiak hartzen ditu biharkoak alkatetzako hauteskunde gisa.

Jun 21, 20213 min

S3 Ep 38Hezkuntzaren indarra

Asiar jatorriko lagun batzuei gertatu zitzaien supermerkatuan. Adiskidea bere hiru seme-alabekin joan zen erosketak egitera. Han zebilen batek erdeinuz esan zion, “sasoia duzu suburbioetara joateko, ezta?”. Suburbioak New Yorken, inguruan dauden herri guztiak dira, hala New York estatuan nola aldameneko estatuetan. Luzaroko ideia izan da, seme-alabak badituzu, herri batera bizitzera joatea, etxetxo bat hartzea atzealdean lorategi batekin eta han bizitzea seme-alabak unibertsitatera joan arte.

Jun 14, 20214 min

S3 Ep 37Fire uhartera bidaia

New Yorken Long Island izeneko irla erraldoiaren aurrean, Atlantikorago, badago beste bat txikiagoa, Fire Island. Bitxia da leku hura. Gaur egun, 50 kilometro luzera eta ehun eta laurehun metro bitarteko zabalera du. Baina hori ez da beti horrela izan. Ehun kilometroko luzera ere izan zuen garai batean. Baina ekaitzekin, hurakanekin, itxuraz aldatzen da. 2012ko Sandy hurakanak, esate baterako, bitan zatitu zuen uhartea. Eta gaur egun horrela dago, bi zatitan banatua eta partitua. Klima aldaketa dela eta, oso lurralde hauskorra beraz.

Jun 7, 20213 min

S3 Ep 36Eric Carleren beldar koloretakoa

Eric Carlek esan omen zuen berak ez zuela nahi bere liburuak gurasoek hautatzea umeentzat, liburu dendara edo liburutegira joaten zirenean, berak nahi zuen umeek beraiek hautatzea. Eta benetan asmatu zuen horretan. Eric Carleren liburuek forma ez ohikoa dute, eta kolore biziak dituzte. Umeek, gurasoen laguntzarik gabe, irakurtzen jakin gabe ere, haren liburuak aukeratzen, ulertzen eta maitatzen dituzte. Gure etxean ere halaxe gertatu zen. Carleren beldar gosetia, The Very Hungry Caterpillar, haurren ohean egoten zen gauero, beraiekin batera egiten zuen lo, izara artean. Hostoak jan eta jan dabilen beldar koloretakoa, azkenean mitxeleta bihurtzen den arte.

May 31, 20214 min

S3 Ep 35Liburudenda onaren garrantzia

Franco ostean agertu ziren liburu-dendarien belaunaldia erretiratzen ari da. Beraiek gidatu gintuzten bizimodu berrira, tokia egin zioten euskaraz idatzitako literaturari eta literatura unibertsalean kalitatezko ziren lanak ere ezagutarazi zituzten gurean. Horietako bat izan da Ondarroako Zurru-murru liburu denda. Kale handian zabaldu zuen lehenengoz Balentinek denda txikia, orduan, alde zaharrean komertzioa zegoen garaian, ia dendarik gabeko gune bilakatu aurretik. Liburuak saldu ezezik tertuliak ere antolatzen ziren herriko kultura zaleekin, denda itxi eta ordu txikiak arte. Ez ziren liburuak izan bakarrik. Zurru-murruk pop eta rock kultura ekarri zuen Ondarroara, hantxe erosten baitziren biniloak, modernotasunaren kabi txikerra zen hura.

May 24, 20212 min

S3 Ep 34Maskararik gabe (edo)

Maiatzaren 13a mugarri izan da Estatu Batuetan pandemiaren aurkako borrokari dagokionez. CDC edo gaixotasunen kontrol eta prebentziorako erakunde federalak egun horretan adierazi zuen, hilabete asko eta gero, txertoa hartuta dutenek ez dutela beharrezkoa maskara erabiltzea. Ez kanpoaldean eta ezta barrualdean ere, salbuespenak salbu. Biden presidentea ere, lehen aldiz, muturrekorik gabe aurkeztu zen prentsaurrekora.

May 17, 20212 min

S3 Ep 33Ukipenik gabe

Ukipena galdu dugu pandemiarekin, distantzia jarri dugu gu eta besteen artean. Eta ez pertsonen artean bakarrik. Dendetan ordaintzeko ere ukipenik gabeko gailuak jarri dituzte, txartela hurbilduz ordaintzeko, ala mugikorrarekin. Baita gure okindegian ere. Ogia eta goxoak saltzen ditu, bertan egindakoak, ekologikoak. Ilara luzeak izaten dira bertan, batez ere iluntzeetan. Lanetik etxera bueltan, hiritarrek nahi izaten dute eguna bukatu bixkotxa bat janez.

May 10, 20213 min

S3 Ep 32Futbol isila

Futbol partidua izaten du alabak igandetan. West Side Soccer League-n apuntatu genuen eta geroztik astero izaten du partida. Alabaren taldeak “toxic blueberries” du izena, elastiko urdina baita beraiena. Goizeko zortzietan hasteko zen partida “silent game” (joko isila) izendatu zuten eta gurasoek ezin zuten ez animatu ezta gola sartzean pozik agertu ere ez. Edezoer gauza esan nahi izanez gro neskei, partidaren aurretik izan behar zuen.

May 3, 20213 min